Albistea entzun

konponbideari begira

Hiru herritarretik bik uste dute euskal gatazka ez dagoela «itxita», Naziometroaren arabera

Herritarren iritzia egonkor mantentzen da euskal estatua sortzeko aukeraren inguruan: hamarretik lau bat datoz. Gainera, klima aldaketa kezka iturri da, eta herritarrek ez dute begi onez ikusten erakundeek arazoari aurre egiteko duten modua.

Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi, Aieteko jauregiaren atarian, Urriaren 18ko Adierazpena irakurtzeko agerraldian..
Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi, Aieteko jauregiaren atarian, Urriaren 18ko Adierazpena irakurtzeko agerraldian.. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko urtarrilak 3

Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak Naziometroaren hirugarren neurketa plazaratu du, eta, besteak beste, euskal gatazkari buruzko pertzepzioez galdetu die herritarrei, Aieteko Bake Konferentziaren eta ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaieraren urteurrenean. Besteak beste, Naziometroak azaleratu du hiru herritarrek bik uste dutela euskal gatazka ez dagoela «itxita» eta «zer konpondu» badagoela (%64,8); %22,5ek, berriz, uste dute «guztiz itxita» dagoela.

Konpondu gabe dauden gaien artean, ordea, ez dago erabateko nagusitasuna eskuratzen duen aukerarik. Hiru erantzun dira nagusi: ezker abertzaleak eragindako mina eta kaltea aitortzea (%39,8), torturak ez errepikatzeko bermeak ematea (%38,4) eta Espainiako Estatuak edota Gobernuak eragindako oinazea aitortzea (%38,3). Lau aukera daude beste bloke batean: presoak gizarteratzea (%30,5); elkarrizketa mahai bat sortzea Espainiako eta Frantziako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren edota Euskal Hirigune Elkargoaren artean (%29,7); Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzea (%28,6); eta Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kaltea aitortzea (%25,7).

Testuinguru horretan, Naziometroak ezker independentistaren urriaren 18ko adierazpenaz itaundu du. Aieteko jauregian eginiko adierazpen batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ETAren biktimei adierazi zieten haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar»: «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua, eta konpromisoa hartzen dugula ahal dugun neurrian arintzeko». Naziometroan, zehazki, «min hori ez zen inoiz gertatu behar» esaldiaren balioaz galdetu dute. Zerotik hamarrera, herritarrek 6,14ko balioa eman diote batez beste, eta erdiek baino gehiagok (%53,9) seitik hamarrerako puntuazioa eman diote. %22,5ek zero eta lau arteko nota jarri diote adierazpenari.

Bestalde, Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak honela zioen (2011): «Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritarrei kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako». Ordezkariek estatus politiko bat hitzartzearekin ados zenbateraino dauden galdetuta, hirutik bat dago ados (%35,8), eta horien erdiak baino gutxiago kontra (%16,2). Halere, aldea are handiagoa da galdetzen zaienean ados ote dauden herritarrei kontsulta bat egitearekin ordezkari politikoek akordioa lortuz gero: aldekoak gehiengoa dira (%57,7), aurkako iritzia dutenen (%10,9) edo iritzirik ez dutenen aldean (%18,1 ez alde ez kontra, eta %13,3k ez dakite).

Klima aldaketa kezka iturri

Aztikerrek egin zuen landa lana, azaroan, eta 610 inkesta egin zituzten: 417 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 119 Nafarroan, eta 74 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hirugarren neurketan, klima aldaketaren inguruko iritziak ere bildu ditu Naziometroak. Datu bat esanguratsua da: zerotik hamarrera, galdekatutako herritarrek 7,70eko larritasuna eman diote klima aldaketari, batez beste bostetik lauk uste baitute arazo oso larria edo nahikoa larria dela. Horren harira, herritarrak kritiko begiratzen diote instituzioen jarrerari; hamarretik zazpik uste dute Frantziako edota Espainiako gobernuak gutxi (%47,8) edo batere (%21,4) ez direla egiten ari klima aldaketari aurre egiteko, eta iritziak hobexeagoak dira Nafarroako Gobernuaren, Jaurlaritzaren eta Euskal Elkargoaren gainean: hamarretik seik uste dute gutxi edo batere ez direla egiten ari, eta %29,7k, berriz, nahikoa egiten ari direla.

Hortaz, nork kudeatu behar lituzke klima aldaketari aurre egiteko politikak? Aukera nagusia da Espainiako eta Frantziako gobernuek eskumenak partekatu behar dituztela Euskal Elkargoarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Jaurlaritzarekin; hirutik bik uste dute hori (%65). Bostetik batek (%21,3), ordea, nahiago du euskal erakundeek izatea eskumen guztiak. Euskal estatuaren balizko kudeaketaz galdetuta, aukera nagusia da euskal estatuak egungo antzera kudeatuko lukeela klima aldaketaren aurkako politika (%41,5), baina hirutik batek (%33,2) uste du hobeto edo askoz hobeto jokatuko lukeela.

Era berean, inkestan antzeman dute klima aldaketari aurre egiteko zenbait neurriren aldeko jarrera nagusi dela, baina zenbat eta inplikazio pertsonal handiagoa eskatu orduan eta handiagoa dela neurri horien kontrako iritzia.

Burujabetza nahia

Euskal herritarren independentzia nahiak neurtzea eta horretan eragiten duten aldagaiak identifikatzea da Naziometroaren xedea, besteak beste, eta, beraz, erabakitzeko eskubideren eta euskal estatuaren gaineko iritziez galdetu dute hirugarrenez. Lehenari dagokionez, zazpi-zortzi puntuko apaltze bat nabari da duela sei hilabete eginiko neurketarekin konparatuta, baina datuak oso antzekoak dira duela urtebete eginiko lehen neurketa aintzat hartuz gero: hiru herritarretik bik uste dute Euskal Autonomia Erkidegoak (%64,4), Nafarroako Foru Komunitateak (%62,5) eta Euskal Hirigune Elkargoak (%60,6) eskubidea izan beharko luketela beren etorkizun politikoa erabakitzeko.

Zenbakiok bat datoz beste datu batekin: Espainiako edota Frantziako lurralde antolamenduaz galdetuta, autonomia erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien estatua da atxikimendu handiena duen formula (%32,3). Horrez gain, hamarretik seik uste dute Madrilek edota Parisek estatus politikoari buruzko erreferendum bat egitea onartu beharko luketela eremu administratibo bakoitzean horretarako adostasuna badago. Ia hiru bider gutxiago dira erreferendum hori debekatzea nahiago dutenak.

Euskal estatuari buruzko iritziak, berriz, egonkor segitu du hiru neurketetan; estatuekin adosturiko erreferendum batean, %40,5ek emango lukete euskal estatuaren aldeko botoa; duela sei hilabete baino puntu bat gehiago da, baina duela urtebete baino bi puntu gutxiago. Haatik, kontrako botoa emango luketenen portzentajea murriztuz doa: duela urtebete, %31,5 ziren; duela sei hilabete, %29,5; eta orain, %29,2.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. ©Fernando Villar / EFE

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Paulo Ostolaza

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

Iruñeko zezen plaza, uztailaren 14ko arratsean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Aske utzi dituzte Mutilzarra peñaren salaketaren harira Iruñean atxilotuak

Uxue Rey Gorraiz

Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, uztailaren 14an Iruñeko zezen plazan izandako istiluekin lotuta. Aske dira, baina epaileak deklaratzera deituko ditu. Gorroto delitua egozten diete. Mutilzarraren arabera, hainbat pertsonak eraso egin zieten peñako zenbait kideri.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Torturak erabat baldintzatu du ihes egiteko erabakia»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1960tik gaur egun arte arrazoi politikoengatik ihesean bizi izan diren euskal herritarren historiak bildu dituzte Doraik eta Pratek 'Bestaldean' liburuan. Nabarmendu dute askotarikoak direla bildutako bizipenak.
Foro Sozialaren agerraldi bat, uztailean. ©Monika del Valle / Foku

Foro Sozialak «etsigarritzat» jo du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena

Iosu Alberdi

Kritikatu du aurreproiektuak biktimen «birbiktimizazioan» sakontzen duela. Moncloari eskatu dio inbestidurako blokearekin akordioak lortzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...