Lan erreforma

EAJk berretsi du ez duela abstentziora joko ez bada lan itunen lehentasuna aldatzen

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek esan du ez dela egongo «abstentzio taktikorik» eta ez duela «pasatzen utziko»,  «sinplea eta erraza» delako erkidegoetako lan hitzarmenen nagusitasuna jasotzea erreforman. CCOOko buru Unai Sordok dio bi urte gelditzen direla legegintzaldian «aldaketak egiteko».

EAJko buru Andoni Ortuzar eta CEOEko buru Antonio Garamendi. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2022ko urtarrilaren 20a
11:56
Entzun

Espainiako Gobernuak ez du lortu abertzaleen arteko talde politikoak berera ekartzea lan erreforma berretsi dezan Kongresuak otsailaren 7a baino lehen, eta kontuek atera gabe jarraitzen dute. EAJko presidente Andoni Ortuzarrek berretsi egin du Radio Euskadin bere parlamentariek ezezkora joko dutela Pedro Sanchezen gobernuak ez badu lan itunen lehentasuna aldatzen; alegia, testuak ez badu jasotzen erkidegoetako (edo herrialdeetako) itunak nagusi izango direla estatu mailakoen gainetik. «EAJk bakarrik baldintza bat jarri du erreformaren alde bozkatzeko, eta ez da zaila betetzea, eskatzen ari garena legean egon baitzen aldi batean, eta ez baitzen ezer gertatu», esan du Ortuzarrek.

Horiek horrela, EAJko buruak garbi esan du Madrilgo gobernuak ezin duela espero EAJren «abstentzio taktiko bat», ez duelako testua «pasatzen utziko». «Enpresa hitzarmenetan ezadostasunak daudenean, beti eduki behar da erreferentzia bat langileen gutxieneko babesari lotua, eta erreferentzia horrek izan behar du erkidegoko ituna, gure kasuan lanbide arteko euskal esparru akordioa; hark %100en bermea dauka sindikatu eta patronalaren aldetik».

Ortuzarrek abisu argia eman dio Sanchezen gobernuari, esplikatu baitu ez duela onartuko egungo testua onartzea eta gero lege proiektu berriak aztertzen hastea. Erreformaren gaian, EAJk informazioa «hedabideei esker» eskuratu duela erantsi du. «Inork ez digu ezer proposatu; mahai gainean ez digute ezertxo ere jarri».

EAJk azkenerako egingo duenaz asko hitz egiten ari dela eta, Ortuzarrek erantzun du «Euskadirekin duela ardura» haren alderdiak, eta ardura horrek eramaten duela alderdia «euskal lan harremanen esparrua defendatzera» estatuarenaren aurrean. «Ez bada hori bermatzen, EAJren botoa ezezkoa izango da».

CEOE estu hartzen ari da aldaketarik egon ez dadin

Baina non dago Espainiako Gobernuak lan itunen lehentasuna ez aldatzeko duen lokarri handia? Bada, Ortuzarrek CEOE patronalari erreparatu dio erreforma onartzeko arazoa azaltzean. «Gobernuari ez zaio gaizki iruditu gure eskaera, ulertzen du; sindikatuek ere bai; aurkakotasuna patronalaren aldetik dator». Eta Ortuzarrek ez du ulertzen zergatik duen CEOEk halako erreparoa lan itunen lehentasunak aldatzeko eta 2012ko lan erreformaren aurretik zeuden bezala ezartzeko atzera. «Orduan ez zen hautsi Espainia. Honek guztiak lotura dauka egoera politikoarekin, CEOE estu hartu dutelako politikatik, eta hor ezin dute amore eman, presio horiengatik, ordea, eta ez aldaketaren edukiaren garrantziagatik».

«EAJren ardura historikoa» inork ez erabiltzeko abisua eman du alderdiko buruak, «ardura historikoa gurekiko delako». Argitu du Confebask ez dela EAJ estu hartzen ari, «ezta ELA eta LAB sindikatuak ere». Eragile horien posizioak «oso errespetagarriak» direla esan du, baina ez diotela eragiten EAJri: «Bat gatozenean, onuragarria da herrialdearentzat».

Unai Sordoren eskaera

CCOO sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordo ere kasik egunero ari da estu hartzen alderdi abertzaleak lan erreformaren alde, nahiz eta, EAJk bezala, ERCk eta EH BIlduk oso garbi utzi duten ez dutela baiezkorik emango ez badira lan itunen lehentasunak aldatzen, eta koalizio abertzalearen kasuan, kaleratze merkeen eta errazen araudia ere egokitzen, 2012ko aurreko baldintzak ezartzeko. Bada, Unai Sordok esan du bi urte gelditzen direla legegintzaldia amaitzeko, eta beta nahikoa dagoela «aldaketak egiteko lan araudian aurrerago». Orain aldediei dagokiena, Sordoren esanetan, «erreforma berrestea da, milioika langilek beren eskubideak hobeturik ikus ditzaten». CCOOko buruak ezkerreko alderdiei hitz egin die: «Eskatzen diegu gogoratu daitezela gehiago kontratu finkoa lor dezaketen milioika langileez, hurrengo hauteskundeez baino».

EAJren posizio sendoaren inguruan galdetuta, Sordok erantzun du «dudarik gabe» aldatu daitezkeela edukiak aurrerago, denbora gelditzen zaiolako legegintzaldi honi. CCOOko buruak uste du «bi negozioazio esparru» egon daitezkeela, orain erreforma onartzea eta gero lau araudian eduki batzuk aldatzea berezita. Baina EAJko buru Antoni Ortuzarrek gaur bertan baztertu du aukera hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.