«Geometria aldakorraren jokoa» amaitzeko exijitu dio Geroa Baik PSNri

Uxue Barkosen arabera, UPNrekin gertatutakoak «PSNren ahulezia» ere islatzen du. Argi du bien arteko akordioa ez zela soilik Iruñeko Udalera mugatzen, eta sozialistei galdegin die ea «besterik» baden eta erakunde nafarrekin zerikusirik duen

Uxue Barkos, gaur, Iruñeko egoitzan. GEROA BAI
joxerra senar
2022ko otsailaren 4a
12:39
Entzun

«Iruñeko Udalean bizitakoa ezin da errepikatu». Uxue Barkosek tonua ozendu du. Aurretik ere bazituzten euskararen dekretuaren inguruko desadostasunak, baina azkeen asteetan Hitzarmen Ekonomikoarekin eta bereziki lan erreformarekin eta Iruñeko Udalarekin gertatutakoak areagotu egin ditu.

Nahiz eta UPNren barne arrakalak bereganatu duen arreta mediatikoa, Barkosek PSN-n jarri du arreta: «UPNren aldetik emandako hitza ez betetzea PSNk agertutako ahulezia bezain larria da. Madrilen beraien beharrizan taktikoei erantzuna emateko helburuarekin, eta, Nafarroako politika baldintzatzeko eta ahultzeko saiakeran, Iruñeko osoko bilkuran udal politikan gogoratzen den atalik tamalgarrienetakoa eragin du».

Ikusi gehiago: Esparza: «Sayasek eta Adanerok ezin dute UPNn jarraitu»

Barkosen hitzetan, aurrekontuetan moldaketarekin Enrique Maiari «bigarren aldiz aurrekontuak oparitu dizkiote», eta ohartarazi diote hobe duela Iruñerriko beste udaletan halako tentazioetan berriro ez erori. Halaber, azpimarratu dute Hitzarmen Ekonomikoaren erreforman Geroa Baik egindako proposamena aintzat hartu eta parlamentuan aho batez onartuko den akordioa erdistea. Espero dute bertan behera geratua izango dela UPNrekin alor horretan akordio bat egiteko tentaldia ere.

Legealdi hasieran, Ramon Alzorrizek azaldu zuen geometria aldakorrez jokatuko zutela, batzuetan batzuekin eta besteetan besteekin hitzartuz. Aipu hori gogoan, Barkosek ohartarazi dio PSNri amaitu dezala «geometria aldakorraren jokoa». Gobernuko bazkide gisa, egonkortasun politikoa garrantzitsua dela deritzote, baina, era berean, ez dute ulertzen PSNren koherentzia politikorik eza.

Txibiteri deia

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari «ontziaren gidaritza eta lema har» ditzala exijitu dio, eta hilabete honetan bizitakoaren ostean bidea zuzen dezala.«Gaur, egonkortasun eta koherentzia politikoari begira, inoiz baino zentzu handiagoa du gobernu kideekin eta legealdi kideekin bilatzeak».

Gordin mintzatu da Iruñeko Udaleko «atal tamalgarriaz». «Geroa Bain ez dugu nafar jantzirik jartzen. Nafarrak gara. Hori bai, konbikzio politikoak dira gure jantzia, eta Enrique Maiak egindako adierazpen xenofoboengatik alkatea gaitzetsi behar dela uste dugunean, ez dugu jakarik aldatzen».

«Besterik al dago?»

Argi dute UPNren eta PSNren arteko akordioa ez zela mugatzen Iruñeko Udalera soilik. Ramon Alzorriz PSNko eledunak hori iradoki baitzuen. Egun berean izan zirenez, akordioaren zati bat atzoko Iruñeko osoko bilkuran islatu bazen ere, tartean Erriberako azpiegituraren bat eta gauza gehiago egon daitekeela uste dute Geroa Bai barruan. Hori ikusirik, Barkosek galdetu dio PSNri ea «besterik» baden eta zerikusirik duen Nafarroako erakundeekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.