Hezkuntza

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk eskatu dute itunpeko ikastetxeen hitzarmena Hezkuntza lege berrian egokitzeko

Hitzarmen hori gehienez bi urtera mugatzeko eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 10a
13:12
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ikastetxe pribatuekin dituen itunak sei urtez berritzeko eskatu dute gaur EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean,baina ñabardura bat erantsita: irizpide hori egokitzeko, hain zuzen, adostear den Hezkuntza lege berrian. Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu du jatorrizko ekinbidea, baina Jaurlaritzako bazkideek eta EH Bilduk adostutako erdibideko zuzenketak egin du aurrera. Elkarrekin Podemos-IUk eskatzen zuen itunpeko ikastetxeen finantzaketa gehienez ere beste bi ikasturtera mugatzeko, «etorkizuneko hezkuntza sistemaren diseinua sei urtez baldintzatu» ez dadin eta eskola publikoa indartu ahal izateko.

EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren akordioak, ordea, Hezkuntza Sailari eskatzen dio «mekanismoak» ezartzeko, funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztiek ekitate printzipioaren arabera beren gain har ditzaten ikasle zaurgarriek, aniztasunak eta gizarte kohesioak eskatzen dituzten erronkak, eta horiek etorkizuneko Hezkuntza Legean jasotzeko. Era berean, hiru alderdiek eskatu dute hezkuntza hitzarmeneko irizpideak egokitzeko, behin hezkuntza legea zehazten denean. Hori dena eragileen inplikazioa aintzat hartuta egin dadin galdegin dute, «datozen sei urteetan hezkuntza plangintza berriak eta itunerako irizpideak baldintzatu ez daitezen».

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren alde egin du, baina itunpekoaren inguruan duen jarrera zehaztuta. Arreseren arabera, hezkuntza sistemak ez du hipotekatzen sei urteko iraupena, baizik eta aldi horretan itunak egiteko erabiltzen diren «parametroak». «Hezkuntza itunak berritu behar dira, eta Hezkuntzari Sailari dagokio bere irizpideekin edo gainerako alderdien ekarpenekin partekatuz egin nahi duen erabakitzea». Zehaztu du, halaber, EH Bilduk ez duela bat egiten itunpeko hitzarmen unibertsalarekin, ezta itunpeko ikastetxeei «txeke zuri bat» ematearekin ere. «Beharrezkoa da publikoa izatea hezkuntza sistemaren ardatz», gaineratu du.

Jaurlaritzako alderdiek, berriz, azaldu dute sei urteko epe hori ez dela «hautazkoa», Espainiako araudiak ezartzen duena baizik. EAJko Leixuri Arrizabalagak azpimarratu du legebiltzarreko eztabaida horri irizpide «objektibo eta juridikoekin» egin behar zaiola aurre, eta gogora ekarri du legeak ezartzen duela itunak gutxienez sei urtekoak direla. PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek, bestalde, ituna berritzearen alde egin du, baina EAJri ohartarazi dio finantzaketa luzatzeak ez duela publikoari buruzko eztabaida eragotzi behar.

Kritikoago agertu da Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea. Eskatu du plaza pribatuak pixkanaka murriztea eta ikasle horiek beren gain hartuko dituzten ikastetxe publikoak irekitzea. Halaber, itunpeko hitzarmen unibertsalaren aurka agertu da, eta sareen arteko «bereizketari» aurre egitea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

PP+Cs koalizioko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek, berriz, salatu du itunpeko hezkuntzari «eraso» egin nahi zaiola, itunpekoa delako «euskararen inposaketatik» eta «ideia nazionalistetatik» ihes egiten duen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.