Lan gatazkak

Arabako metalean manifestaziora deitu dute hilaren 19rako, Gasteizen

Datorren asteartean elkartuko dira sindikatuak SEA patronalarekin aurreneko aldiz. ELA, LAB eta CCOOren dinamikarekin bat egin dute USO, ESK eta CGTk ere. 

Manifestazioa iragartzeko protesta, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
aitor biain
2022ko otsailaren 10a
13:53
Entzun

Urte hasiera beroa iragarri dute sindikatuek Arabako metalean. SEA patronalari ohartarazi diote lanuzteak eta protestak ugarituko dituztela negoziazioei berrekin eta haien eskakizunei erantzun ezean. Izan ere, hiru urte baino gehiago dira sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazioei ekin zietenetik. Bada, «blokeo» egoera jendaurrean ikusgarri egin eta patronalaren jarrera salatzeko manifestaziora deitu dute hilaren 19rako, Gasteizen. Protesta Bilbo plazatik abiatuko da, 17:30ean.

Abenduan dagoeneko ohartarazi zuten egoeraz sindikatuek. ELA, LAB eta CCOOk dinamika bateratu bat sortu zuten, hitzarmenaren negoziazio bidea elkarrekin egiteko. Eta patronalari eskaera zehatzak ere helarazi zizkioten. Horien artean zeuden, besteak beste, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia jaistea, behin-behinekotasuna murriztea, eta lan osasuna bermatzeko neurriak hartzea. Sektorean arazoak pilatzen ari zirela ohartarazi zioten patronalari ordu hartan. «Eskaera argia da, eta espero dugu SEAren erantzun bat etortzea metalgintzak sortutako aberastasuna sektore osora iristeko eskatzen denarekin».

SEAk, ordea, hilabeteko epea galdegin zien sindikatuei eskatutakoari erantzun eta mahaiaren gainean proposamen bat jartzeko. Sindikatuek iragarri dutenez, otsailaren 14an bilduko dira bi aldeak. «Espero dugu SEAk taktika aldatzea, immobilismotik ateratzea eta sektorearen beharrei erantzun egokiak emango dizkien plataforma bat aurkeztea», adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Nolanahi ere, aurreneko bilera horretan ez dute erantzun handirik espero patronalaren aldetik, eta horregatik erabaki dute manifestazioa deitzea.

ELA, LAB eta CCOOk dinamika aurkeztu zutenetik aurreneko protesta bateratua izango da hilaren 19ko manifestazioa, hain zuzen. Eta iragarri dute dagoeneko gero eta gehiago batu zaizkiela protestara. USO, ESK eta CGT sindikatuek ere, manifestazioarekin ez ezik, aurkeztutako aldarrikapen plataformarekin ere bat egitea erabaki baitute. Alde handiz, Araban langile gehien dituen lan ituna da metalgintzakoa; sindikatuen esanetan, 25.000 langileri eragiten die. 2017ko abenduaren 31n amaitu zen hitzarmena.

Manifestazioa indar erakustaldi bat izatea nahi dute, eta horregatik eskatu diete sektoreko langileei eta herritar orori mobilizazioarekin bat egiteko. Protestara atxiki dira jada hainbat enpresa batzorde: hala nola Mercedes, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp Arasur, Condesa, SNA Europe, JEZ, Inaxa, eta Amurrio Ferrocarril y Equipos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.