AZKEN ORDUKOA

Xabier Atristain aske utzi dute behin-behinean, eta atera da Martuteneko espetxetik

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiak «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola euskal presoari, ez baitzion inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi. Espainiako Auzitegi Nazionalak Atristainen zigorra etetea erabaki du orain, Gorenak Estrasburgoko sententziaz ebatzi artean.

Atristain, Martutenetik ateratzen. JON O. URKIA
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 17a
17:34
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak men egin dio Estrasburgok agindutakoari, eta aske utzi du Xabier Atristain euskal presoa, behin-behinean. Gaur arratsaldean atera da Martuteneko espetxetik, han baitzeukaten preso. Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salak ebatzi du, hain zuzen, Atristainen zigorra eten egin behar dela Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententzia nola aplikatu erabakitzen duen bitartean.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Atristainek ez zuela «prozesu justu eta ekitatezkorik» izan. Izan ere, Espainiaren aurka kaleratutako sententzian, Estrasburgok azpimarratu du ezen, inkomunikatuta zegoela, Atristaini ez ziotela utzi konfiantzazko abokaturik aukeratzen. Are, epaian salatu dute euskal presoari ez ziotela utzi ofiziozko abokatuarekin «modu konfidentzialean» hitz egiten ere.

Ikusi gehiago: 2.354 urteko kartzela zigor eskaera Josu Urrutikoetxearentzat, Zaragozako atentatuagatik

Sententzia betearazteko, Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea jarri zuen defentsak. Atristainen zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen abokatuak, eta Gorenak erabaki beharko du behin betiko hala eginen duen edo ez. Auzitegi Goreneko bigarren salak ebatzi artean Atristain aske uztea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Nolanahi ere, baldintza batzuk jarri dizkio euskal presoari: bizileku jakin bat izan beharko du, edozein aldaketa komunikatu beharko du, pasaportea entregatu beharko du, eta ezingo du baimenik gabe atera Espainiako Estatuko lurraldetik.

Estrasburgok urtarrilean kaleratutako sententzian, espresuki aipatzen da inkomunikazio aldia, eta, beraz, Zigor Reizabal abokatuak uste du «oso larria» dela Espainiari emandako zigorra, baita «positiboa» ere, «lehenengo aldiz» esan baita «horren garbi» atxilotu batek bere abokatua edukitzeko eskubidea urratu dela. «Aurrekari oso garrantzitsua» izan daiteke, abokatuaren ustez, eta halako egoeretan diren gainerako euskal presoei aplikatu beharko litzaieke: asko daude kasu berean.

Torturak

Inkomunikazio aldiaren ondoren torturak salatu zituen Atristainek. Besteak beste, azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan esan zuen, adibidez, neska laguna atxilotzeko mehatxua egin ziotela. ETAko kide izatea leporatuta zegoen preso.

Espainiak 20.000 eurokokalte ordainak ordaindu beharko dizkio Atristaini. Estrasburgoko auzitegiaren arabera, hain zuzen, Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi zituen: lehena, epaiketa justu bat eta ekitatezkoa izatea bermatzen dituena; bigarrena, defentsa eskubideari eta abokatua libreki aukeratzeari dagokiona. Horregatik eman beharko diote ordaina.

Epaiak dioenez, abokatua aukeratzeko debekuak «gero egin zen prozesu penalaren ekitatea hautsi zuen; izan ere, akusatuaren lehen deklarazioa proba gisa onartu zen». Estrasburgoko auzitegiaren esku hartzea ere arrazoitu dute epaileek, esanez haren lana dela halako epaiketak bidezkoak direla zaintzea.

Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berehala agindu zuen hura inkomunikatzeko, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta. Ordea, sententziak azaltzen du epaileak argudio «generikoak» erabili zituela euskal presoari abokatua aukeratzea galarazteko, eta «automatikoki» ezarri ziotela inkomunikazioa.

2022a edo 2027a

Torturapean egindako deklarazioetan, Atristainek bere burua erruztatu zuen hainbat ekintzatan. Ezarri zioten ofizioko abokatua hainbat aldiz saiatu zen Atristainekin harremanetan jartzen bitarte horretan, baina Guardia Zibilak inkomunikatuta zegoela esan zion. Atristrainen egoera ikusita, gainera, ofizioko abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari.

Izan ere, «tortura latzak» jasan izana salatu zuten Atristainek eta orduan berarekin atxiloturiko Juan Carlos Besancek: bere garaian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen atxiloaldia «oso gogorra» izan zela. Honela kontatu zuen AAMk Atristainek pairaturikoa, 2010eko urriaren 6an, hots, inkomunikazio aldia bukatu eta denbora gutira: «Autoan poltsa jarri zioten buruan, oso estu, arnasarik gabe utziz ia itotzeraino. Bi aldiz galdu zuen konortea Madrilera bidean. Argi du guardia zibilek asko kontrolatzen zutela noiz arte eduki poltsa buruan, noiz galduko zuen konortea, eta abar. Madrilera iritsi bezain laster hasi ziren galdeketa luzeak, guardia zibil askoren parte hartzearekin, abokaturik gabe, erabat legez kanpokoak. Poltsa askotan jarri zioten buruan, estutuz, arnasarik gabe uzteraino. Bi aldiz botaka egin zuen, ez zuen ezer botatzeko, eta behazuna botatzen zuen. Goma aparrarekin biltzen zuten, izerditan blai zegoela buruan poltsa jartzen zioten. Ondoren ur hotza botatzen zioten sekulako kontrastea eraginez. Bi aldiz takikardiak izan zituen, eta botika eman zioten, lasaigarriak edo. (...) Buruan zerbait beroa eman ziotela nabaritu zuen. Orain azala joana du buruko zati batean. Bost egunez ez du lorik egin, ezta jan ere».

Atristainek bi urte egin zituen behin-behinean preso, eta 2012ko irailean irten zen kalera, epaiketa egin bitartean. Azkenean, 2013. urtean, hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Urte hartako maiatzaren 4an atxilotu zuen Ertzaintzak, zigorra kartzelan bete zezan. Azken hilabeteetan Martuteneko espetxean egon da euskal presoa (Donostia), bigarren graduan. Espainiako Espetxe Erakundeek 2020ko urrian erabaki zuten presoa Euskal Herriratzea, Soriatik. Estrasburgoko sententzia iritsi ez balitz, 2027ra arte edukiko lukete preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.