Euskal presoak

Zortzi euskal presori hirugarren gradua eman die Jaurlaritzak

Zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak betetakoak dira denak. AVT elkarteak fiskalari eskatu dio gradu progresio horiek aztertzeko. Mikel Otegi presoari sendagiria eman diote, bi astez erietxean egon eta gero.

Basauriko kartzela. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2022ko otsailaren 28a
09:47
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak hirugarren gradua eman die Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Donostia) espetxeetan dauden motibazio politikoko zortzi euskal presori, eta ukatu egin die beste 26ri, kartzeletako tratamendu batzordeek hala proposatuta. Jaurlaritzak iazko urrian hartu zuen bere gain espetxeak kudeatzeko eskumena, eta, harrezkero 150 presori gradua aldatzea onartua bazuen ere, motibazio politikoko presorik ez zegoen horien artean. Beraz, lehen zortziak dira orain hirugarren gradura igaroko direnak.

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerin Sanchez, Iñaki Garces Beitia, Unai Fano Aldasoro eta Ugaitz Perez Zorriketa presoak dira Basauriko espetxean zeudenak eta joan den ostiraleko lehen orduan hirugarren gradua eskuratu zutenak. Horiez gain, Martutenen preso daude Mikel Arrieta Llopis, Joseba Arregi Erostarbe eta Francisco Jose Ramada Estevez, eta ostiral eguerdian eman zieten gradu aldaketaren berri.

Cotok hirugarren gradurako aldeko proposamena jaso zuen Dueson zegoenean, baina Espainiako Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak iazko uztailaren 28an iragarri zuen Basaurira bigarren graduan eramango zuela, Kantabriako Batzordearen proposamena babestu gabe. Hemeretzi urte daramatza espetxean, 2019az geroztik bigarren graduan sailkatuta zegoen, eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Barakaldoko presoak urte amaieran beteko du zigor osoa.

Lerinek hamalau urte daramatza espetxean, eta Basauriko kartzelan zegoen iazko irailaren 11tik, Zueratik hurbilduta. 2020tik bigarren graduan sailkatuta, Berriozarkoak 2019an bete zuen zigorraren erdia.

Garcesek 23 urte bete ditu kartzelan, eta iazko udaberrian iritsi zen Basauriko espetxera, Zueratik. 2018tik bigarren graduan sailkatuta zegoen, irteteko hainbat baimen arrunt izan ditu, eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Fano Basauriko espetxean dago 2020tik, Almeriako espetxetik gerturatuta. Bizkaiko presondegian hirugarren gradua proposatu zioten 2021eko urtarrilean, eta erabaki hori babestu zuten Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak, baina fiskalaren errekurtsoak Auzitegi Nazionaleko Lehen Atalera eraman zuen espedientea, eta auzitegiak gradu progresioa ezeztatu zuen iazko irailaren 23an. Bigarren gradura itzuli zenez, berriro espetxeratu zuten. Larrabetzuko presoak hamahiru urte daramatza espetxean, eta zigorraren erdia 2018an bete zuen.

Perezek hemeretzi urte daramatza espetxean, eta Basaurin dago 2021eko maiatzetik, Logroñotik hurbildua izan ondoren. Galdakaoko presoak iazko abuztuan bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Arrietak 22 urte egin ditu espetxean, eta espondilartropatia kroniko seronegatiboa du. Gaixotasun larriak dituzten hemeretzi euskal presoetako bat da. Martutenera iristean, tratamendu batzordeak, duen gaixotasunagatik, hirugarren gradua eskatu zuen, eta Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak iazko uztailaren 12an berretsi zuen proposamena. Berehala ireki zen baldintzapean aske uzteko espedientea, baina fiskaltza aurka agertu zen, eta ukatu egin zioten; ondorioz, hirugarren gradua eten zioten. 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Ramada joan den urtarrilean erietxeratu zuten, bihotzeko krisi bat tarteko. Gipuzkoako ospitalera eraman zuten urgentziaz. Sendagiria jasotzean, espetxera itzuli zen, eta han egon da harrezkero. Lehenago ere, iazko ekainean, Ramadak hirugarren gradura pasatzeko beste proposamen bat jaso zuen Martuteneko tratamendu batzordearen aldetik, baina Espetxe Erakundeak ez zuen ontzat jo. 2020aren hasieratik bigarren graduan dago; 21 urte daramatza espetxean, eta 2021ean iritsi zen Martutenera, Iruñetik. Irteteko hainbat baimen arrunt izan ditu, eta 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Arregik ere Martuteneko tratamendu batzordearen oniritzia jaso zuen hirugarren gradura pasatzeko, baina, eskumena Jaurlaritzaren esku geratzekoa zenez, Espainiako Espetxe Erakundeak ez zuen onartu. Oñatiko presoa 1992an atxilotu zuten; hilabete honetan bertan beteko ditu 30 urte kartzelan, eta 75 urte ditu. Patologia askotarikoak ditu, adinaren eta espetxealdiaren ondorioz. 2020tik bigarren graduan sailkatuta, Matuteneko kartzelara iritsi zen Asturiastik. Martutenen programatutako irteerak izan ditu, eta zigorraren hiru laurdenak beteta zeuzkan 2020an.

AVT, fiskaltzara

Beatriz Artolazabal Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politikako sailburuak El Correo egunkarian eginiko elkarrizketa batean eman du gradu progresioen berri, baina ez du xehetasun gehiago eman; ikusteko dago gradu aldaketa hori zertan zehaztuko den ere.

AVT biktimen elkarteak, ordea, jakinarazi du gaur bertan Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara joko duela, gradu progresio horiek aztertu ditzan. Azken asteetan, Auzitegi Nazionalak hirugarren graduan zeuden hiru preso itzularazi ditu kartzelara, fiskalaren eskaera aintzat hartuta: Iñigo Gutierrez, Unai Fano eta Jon Crespo. Kexu azaldu da Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea ere. Sare sozialetan, salatu du Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «albiste itxaropentsuak» ematen dizkiela «ETAko gaizkileei» eta «askatasunerako zilarrezko zubi» bat eraikitzen dietela «damutzen ez diren eta hilketak argitzen laguntzen ez duten hiltzaileei».

Bestela mintzatu da, ordea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaria. Radio Euskadin, eskatu du gradu aldaketak «despolitizatzeko» eta «profesionalei lan egiten» uzteko: «Askatasunaz gabetzen duten zigorrei [Espainiako] Konstituzioak ematen dien ikuspegi gizarteratzailea betetzeaz ari gara».

MIkel Otegiri, sendagiria

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Mikel Otegi presoari sendagiria eman diote, bi astez erietxeratuta egon eta gero. Biriketako tuberkulosia atzeman zioten, eta ospitalean zegoen otsailaren 15az geroztik. Orain Iruñeko espetxera itzularazi dute, eta hiru astez bakartuta egon beharko du. Bere gaixotasunerako tratamenduak sei hilabete iraungo du.

Etxerat-en ustez, orain «beste aukera on bat» dago Otegi aske gera dadin: «Osasunerako eskubidea bermatu behar da, eta, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.