Kontu ekonomikoak

Gerrak hazkunde iragarpena okertuko du Euskal Herrian

Aurreikuspenak aldatuko dituela jakinarazi du Jaurlaritzak, eta Nafarroak ere eragina espero du. 2021ean, %5,6 handitu zen EAEko BPGa

Langile bat Haizea Winden fabrikan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2022ko martxoaren 4a
12:00
Entzun

Ukrainako gerrak eta Errusiari jarritako zigorrek Mendebaldeko ekonomietan ere eragina izango duela ez dute ezkutatu Europako Batasuneko kideek, eta aitortu dute auzitan dagoela 2022rako espero zen hobekuntza nabarmena. Gauza bera espero dute euskal gobernuek ere: Eusko Jaurlaritzak iragarri du hazkunde iragarpena berritu egingo duela, uler daitekeenez, zenbaki txikiago bat iragartzeko, eta Nafarroako Gobernuak adierazi du gerrak «ageriko» eragina izango duela.

Ostegunean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klusterrek ohartarazi zioten ostegunean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuari lehen ondorioak igartzen hasiak direla. Lehengaiak eta energia gehiago garestituko dira, hornidura zaildu egingo da, eta merkatuen ziurgabetasunak finantzaketa garestituko du. Jaurlaritzak berehala erantzun dio ohartarazpen horri. Abenduan egindako iragarpen ekonomikoa zaharkituta geratu dela azaldu du, «gatazka horrek ezinbestean eragina baitu euskal ekonomiaren bilakaeran». Abenduan, esan zuen 2022an hiru lurraldeeetako barne produktu gordina %6,7 handituko zela, irailean aurreratu baino hiru hamarren gehiago.

Berrikuspena zehazki noiz egingo duen ez du jakinarazi Gasteizko gobernuak, baina baliteke aste batzuk behar izatea, Ukrainako gerra nola doan ikusteko. Europako Batzordeak, esaterako, maiatzean berrikusiko ditu bereak, eta azaldu du horien arabera proposatuko duela gastua kontrolatzeko neurriak 2023an edo 2024an hartzea.

2021eko datuak

Testuinguru horretan kaleratu ditu Eustatek iazko kontu makroekonomikoak. Orain dioenez, urtarrilean aurreratu baino hamarren bat gehiago handitu zen iaz BPG barne produktu gordina, %5,6. Eustatek nabarmendu duenez, Espainiakoa sei hamarren gutxiago igo da (%5), eta Europako Batasunekoa, lau hamarren gutxiago. BPGaren suspertzea %6,1ekoa izan da Araban, %5,7koa Gipuzkoan, eta %5,3koa Bizkaian.

Hazkunde hori ez da nahikoa izan 2020an galdutakoa berreskuratzeko, urte horretan %9,9ko kolpea hartu baitzuen. 2020. urtean industria erori zen gehien (-%11,2), eta sektore horrek izan du orain erreboterik handiena (+%9,5). Edonola ere, udaz geroztik hornidura arazoak izan dituela antzematen da, eta 2021eko azken hiruhilekoan %4,3ra apaldu da urte arteko tasa.

Sektorerik inportanteenak, zerbitzuenak, %5 berreskuratu zuen iaz, baina haren barruan alde nabarmenak daude. Horrela, herri administrazioa, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuetako jarduerak hazkunde apalagoa izan du (+%2,5), merkataritza, ostalaritza eta garraioarekin alderatuz gero (+%8,9). Arrazoia nahiko sinplea da: lehenengoak eutsi zion ekonomiari 2020an (+%1,6), eta bigarrena amildu egin zen (-%18,1).

Enpleguari dagokionez, Eustatek azaldu du 49.120 enplegu garbi sortu zirela, denbora osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, 2020an baino %5,5 gehiago. Zenbaki osoetan, berriz, lehen sektorean 128 lanpostu sortu dira; industrian, 7.153; eraikuntzan, 3.060; eta zerbitzuetan, 38.780.

Kezka Nafarroan

Nafarroako Gobernuak ere aldatuko ditu bere aurreikuspenak. Elma Saiz foru gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi du «agerikoa» dela Ukrainako gerrak «zeharkako ondorioak» izango dituela lurraldeko ekonomian, baina azpimarratu du oraindik goiz dela nola eragingo duen zehazteko. «Duela gutxi arte, susperraldi ekonomiko bat irudikatzen genuen, zailtasunak izango zituena energiaren prezioengatik, baina osasun krisiaren tuneletik irteten ari ginen itxaropena genuen; orain, zalantzaz betetako etorkizun bat dugu aurrean», adierazi kontseilariak ostiral honetan eginiko gosari informatibo batean.

Saizek azaldu duenez, tentsio geopolitikoak «mehatxu nabarmena» dira munduko ekonomiarentzat eta sektore guztientzat, baina Errusiaren eta Ukrainiaren arteko gerraren ondorioak bereziki elikagaien prezioetan islatuko direla uste du. «Europan, erregai fosilen kantitate handiak ekartzen ditugu gatazkan dauden herrialdeetatik, baina baita ongarriak, garia eta artoa ere».

Saizek azpimarratu du Nafarroak ez duela Errusiarekiko eta Ukrainarekiko menpekotasun handirik. Ondorioak, baina, «zeharka» nabarituko direla uste du, eta bereziki industrian, sektore horrek azken bi urteetan izan dituen hornidura arazoak «larriagotuz». Energia garestitzeak, halaber, inflazioan eragina izango duela azpimarratu du, eta horrek «kontsumoa eta inbertsioak geldituko» dituela ohartarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.