Alderdiak

EAk primarioak berriz egitea galdegin du Gasteizko Auzitegiak

Maiorga Ramirezen arabera, hamabost egunen buruan hori egin ezean erantzukizun pertsonalak izan ditzake zuzendaritzak. Sektore ofizialak erantzun du otsailaren 19ko Kongresua indarrean dagoela.

Maiorga Ramirez sektore kritikoko ordezkaria. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2022ko martxoaren 4a
14:09
Entzun

Alderdiak antolakunde juridikoak dira, eta, horregatik, estatutuen bidez arautzen dituzte botere talkak eta ideien lehiak. EAn, barne gatazkak alderdiaren araudiko esparrua gainditu du aspalditik, eta epaitegien esku dago bi sektoreen arteko pultsua. Gaur goizean, Maiorga Ramirezek jakinarazi du Gasteizko Lehen Auzialdiko zazpigarren aretoko epaitegiak hamabost egunen buruan primarioak berriz egitera behartu duela egungo zuzendaritza.

2019ko urrirako zituen primarioak antolatuta EAk. Maiorga Ramirezek aurkeztu zuen abal gehien, baina berme batzordeak atzera bota zuen haren hautagaitza, haren abal batzuk irregularrak zirela ebatzita. Hautagai bakar gisa geratu zenez, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, baina Gasteizko epaitegi batek behin-behinean eten zuen izendapen hori. Iazko uztailaren 21ean etorri zen behin betiko epaia eta: baliogabetu egin zuen primario haren emaitza, eta Ramirezek eskubideak urratu zirela ondorioztatu zuen.

Epai hura argitzeko helegitea aurkeztu zuen sektore ofizialak, eta, haren ondotik, Gorenera jo zuen. Orain, auzibide hori irekita dago oraindik, Gorenaren epaiaren zain. Ramirezek salatu du, baina, gertaeren bidetik aurrera jarraitu duela zuzendaritzak. Eba Blanco izendatu zen behin-behinean idazkari nagusi, eta, Ramirezen ikuspegitik, primarioetara deitu ordez Kongresura deitu zuen estatutuek ziotena urratuz. Halaber, EAko bost militante kaleratzeko espedientea ireki zuen: Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korres; hots, 2019ko hautagaia, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileak eta Iruñeko afiliatua. Otsailaren 20tik alderditik kanpo dira, lau urterako.

Ramirezen gaur azaldu duenez, Eba Blancoren taldeak primarioetara deitzen ez zuela ikusita, eskaera aurkeztu zuen, eta epaitegiaren erantzuna orain iritsi da. Dekretu baten bidez, erabaki du Gorenaren erabakia iritsi zain hamabost egunen buruan primarioetara deitu behar duela zuzendaritzak. Nahiz eta berrikusteko helegitea aurkezteko bost egun izan, ebazpeneko aginduak indarrean jarraitzen duela dio dekretuak. Agindua bete ezean «hirugarren baten esku» gera daitekeela edo kalte ordainak eskatzeko aukera egongo dela dio dekretuak.

Dekretu horren aurrean, Ramirezek uste du «krisiaren amaieraren hasiera» izan daitekeela. Haren irudiko, krisiaren konponbidea da “afiliatu bat, boto bat” sistema erabiltzea. Alkartetxeetan hautetsontziak jarri eta hautagai bakoitzaren emaitzak kontrolatuko dituzten esku hartzaileen bitartez prozedura kontrola daitekeela uste du.

Zuzendaritzaren erantzuna

Zuzendaritzak erantzun dio Maiorga Ramirezi estatutu berrietan ez dela jasotzen primarioen aukera. «Kongresuan, boto eskubidea zuten konpromisarioen gehiengo osoak hautatu zuen zuzendaritza nazionala», ohartarazi dio Ramirezi, haren zilegitasuna azpimarratu nahirik. Prozedura hori «legez» ezarri zela eta kongresuari begira estatutuen aldaketa horri zuzenketak jartzeko aukera izan zuela baieztatu du zuzendaritzak oharrean.

«Alderdiko afiliazioak estatutu berriak egitea onartu zuen, eta bertan ez da jasotzen primarioen aukera». Kongresua otsailaren 19an eta 20an egin zen, eta, zuzendaritzaren arabera, Ramirezek aukera izan zuen hautagaitza aurkezteko, «baina ez zuen hala egin» —alderdiak berak kongresuaren biharamunetik aurrera lau urterako militantzia etetea erabaki zuen—. Salatu dute Ramirezek, epaitegietan kongresua bertan behera geratzeko eskatuz, afiliazioari bere eskubidea «lapurtu» nahi izan ziola.

Ramirezen arabera, kongresua ez egiteko eskaera aurkeztu zuen epaitegietan. Eskaera bezperan egin zenez, epaitegien erantzunik ez zen etorri, eta kongresua egin egin zen.

Zuzendaritzaren arabera, otsailaren 23an etorri zen erantzuna, eta epaitegiak atzera bota zuen kongresua ez egiteko eskaera hori. Ramirezek ukatu egin du hori hala dela. Haren esanetan, kongresua eteteko eskaera ez da atzera bota auzitegietan, baizik eta tramiterako onartu da. «Korrika eta presaka aurkeztu behar izan genuen eskaeran egindako forma akatsak konpontzeko eskatu zaigu». Haren irudiko, gaur argitara ateratako epaia betetzera behartuta dago orain zuzendaritza, eta uste du «epai bat ez betetzeak» ondorioak izan ditzakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.