Oinarrizko Errenta

Jaurlaritzak ez du oinarrizko errenta babestuko

Zupiriak esan du gaur egungo babes sistema «arrakasta handiko eredua» dela, eta gobernuak nahiago duela hori «sakondu».

Ekimenaren sustatzaileak, urtarrilean, sinadurak legebiltzarrean aurkeztu zituztenean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko martxoaren 8a
13:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren lege egitasmoa babestuko Eusko Legebiltzarrean. Bingen Zupiriak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi du gaur egungo babes sistema «arrakasta handiko eredua» dela eta «emaitza onak» ematen ari dela.

DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera dira babes sistema hori osatzen duten bi tresnak, eta Jaurlaritzak nahiago du eredu horietan «sakondu». Jaso berri du, gainera, bigarren diru laguntza horren eskumena; Lanbidek kudeatzen zuen orain arte, baina Espainiako Gobernuarekin akordioa egin ostean, euskal erakundeek kontrolatuko dute prozesu osoa aurrerantzean.

Hain zuzen, Zupiriak adierazi du oinarrizko errentaren lege ekinbideak ez duela gutxieneko diru sarrera hori aintzat hartzen, eta, beraz, «zaharkituta» geratzen dela uste du.

«Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak bereizi egiten ditu Gizarte Segurantzako sistema babesteko ekintza publikoa eta gizarte arretako ekintza publikoa», esan du Zupiriak; aurrenekoan kokatuko litzateke bizitzeko gutxieneko diru sarrera, eta bigarrenean DSBE. «Prestazio bakoitza arau jakin batzuen araberakoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek sinergiaz eta ahalik eta eraginkortasunik handienarekin bideratu beharreko eskakizunei erantzuten die».

Zupiriak iragarri du, gainera, Jaurlaritzak «oso aurreratuta» duela DSBEren erreforma, zeinak gutxieneko diru sarrera ere aintzat hartuko duen. Aurki bidaliko du Eusko Legebiltzarrera. Arau berri horrek egungo eredua «indartzeko» balioko duela nabarmendu du.

Atxikimendu ugari
Herri plataforma batek jarri zuen abian baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren egitasmoa. Herri ekinaldi legegilea abiatu zuten, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta lege egitasmo bilakatu zedin. Urte hasieran iragarri zuten horretarako beharrezkoak diren sinadurak lortu zituztela: 10.000 da gutxieneko kopurua, eta 22.000 baino gehiago bildu zituzten.

Proposamenak jasotzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok jasoko lukeela diru laguntza herritar izate hutsagatik. 900 euro litzateke errenta hori 18 urte baino gehiagoko herritarrentzat; 4 eta 18 urte bitartekoentzat 450 euro, eta 14 urtetik beherakoentzat 270 euro. Azken hiru hilabeteetan Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi izan den edonork jaso ahalko luke, bakarrik bizi ala beste norbaitekin bizi.

Lege egitasmoa tramiterako onartu edo ez bozkatu beharko du lehenik legebiltzarrak; onartuko balu, osoko bilkuran eztabaidatuko beharko dute alderdiek lege proposamen gisara. Ez dute jakinarazi noiz izango den oraindik, edonola ere.

Babesa biltzen ari dira egitasmoaren sustatzaileak bien bitartean, eta hainbat eragile, sindikatu eta alderdiren atxikimendua jaso dute egunotan. Egitasmoa Gasteizko parlamentuan eztabaidatua izan dadin eskatu dute askok. Horien artean daude, besteak beste: EH Bildu, Elkarrekin Podemos, LAB, CCOO, EHNE, UGT eta CGT.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.