TORTURA

Sanchez prest da Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko, «justiziak eskatuz gero»

Aitor Esteban EAJko diputatuak Mikel Zabalzari buruzko informazio sekretuaz galdegin dio Espainiako presidenteari. Sanchezek iragarri du Espainiako Gobernua informazio klasifikatuari buruzko lege bat lantzen ari dela.

Aitor Esteban EAJko diputatua Espainiako Kongresuan, joan den otsailean. JAVIER LIZON / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 9a
09:47
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Mikel Zabalza estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu ondotik hari buruzko informazio sekretua argitara aterako ote duen galdegin dio Aitor Esteban EAJko diputatuak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Espainiako Kongresuko plenoan egin dio galdera, gaur goizean, eta Sanchezek erantzun dio ez duela Jaurlaritzaren ebazpenik baloratuko: «Baina berma diezazuket, Espainiakoa den bezalako zuzenbide estatu batean, aitortza hori behar badu, autoritate judizialen partetik ondorioren bat eratorri beharko dela; eta ez dudarik izan hori gertatu eginen dela». Sanchezek zehaztu du autoritate judizialek dokumentu horiek desklasifikatzea aginduko balute eta horiek existituko balira men eginen lioketela: «Ez egin dudarik gobernu honek beti kolaboratuko duela justiziarekin».

Ez da Espainiako Gobernuko agintari batek halako zerbait erraten duen lehen aldia, joan den urteko martxoan antzeko hitzekin mintzatu baitzen Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa. Hartan ere, Estebanen galdera bati erantzunez, Grande-Marlaskak erran zuen gobernuak ezin duela bere kabuz erabaki agiriak desklasifikatzea, eta hori epaile batek eskatu beharko liokeela.

Sanchezen erantzuna ez zaio nahikoa iruditu Estebani, eta berriro egin dio Sanchezi galdera, azpimarratuta «enblematikoa» dela Zabalzaren kasua. Bertzeak bertze gogoratu du Nafarroako Parlamentua ere ados jarri zela kasuaz; orduan atxiloturikoak ez zirela ETAkoak; eta kasuari buruzko grabazio «esplizituak» daudela, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa kasurako. Esteban: «Eskatzen dizut ez diezaiozuela familiari esan orduan Guardia Zibilak Zabalzaren amari esan ziona, objektu galduen atalera joateko bila».

Sanchezek azaldu du Sekretu Ofizialen Legearen erreforma tramitazio parlamentarioan dagoela, zuzenketak egiteko epeak luzatuta, eta iragarri du urrunago ere joan nahi dutela: «Ez gara lege horren erreformarekin konformatzen». Jakinarazi du informazio klasifikatuari buruzko lege bat lantzen ari dela Espainiako Gobernua: «2022ko arau planean onartua dugu, eta espero dugu lege proiektua aurkeztu ahal izatea». Erran du lege horrek klasifikazio mailak arautuko dituela, eta informazioa klasifikatu dezaketen organoak eta epeak zehaztuko dituela. «Espero dut tramitatu ahal izanen dugula».

Bel Pozueta EH Bilduko diputatuaren iritziz, justiziak esku ez hartzearen «ondorio zuzena» da auziaren «inpunitatea eta erreparazio falta: Mikel Zabalzaren hilketa eta agirien desklasifikazioa berriz (in)justiziaren esku uzteak ez dakar inolako aurrerapausorik. Ezerk ez du pentsarazten orain beste era batera jardungo duenik».

«Aukera leihoa»

Foro Sozial Iraunkorrarentzat, Sanchezek gaur goizean egindako adierazpenek «aukera leiho» bat zabaltzen dute estatuaren biktimen aitortzarako: «EAEn eta Nafarroan ia aho batez onartzen den egia soziala egia judizial bihurtzea oso urrats garrantzitsua izango litzateke». Foroaren ustez, «inoiz baino beharrezkoagoa» da Espainiako Sekretu Ofizialen Legea moldatzea, horretarako nazioarteko parametroak baliatuta.

Hala ere, foroak nabarmendu du estatuko biktimen kasu asko jada preskribatuta daudela, eta «beste mekanismo batzuk» ere bilatu beharko liratekeela nabarmendu du, baldin eta biktima horiei «justiziarako eskubidea» bermatuko bazaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.