Hego Euskal Herriko hainbat udalek Ukrainari babesa adierazi diote

Eudelek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte zenbait udaletxe ataritan. Nafarroak dagoeneko Ukrainako 130 errefuxiatu jaso ditu.

Ukrainaren aldeko elkarretaratzea, gaur eguerdian, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz-Irati Urdalleta Lete
2022ko martxoaren 9a
13:30
Entzun

Bost minutuko elkarretaratze isilak eginez, Hego Euskal Herriko dozenaka udalek elkartasuna adierazi diote Ukrainari. Gaur eguerdirako deituta zituen elkarretaratzeak Eudelek tokiko udaletxe atarietan, eta haiekin bat egin dute udal ordezkariek nahiz herritarrek. Eudelen arabera, honako hau izan da helburua: «Tokiko entitateek uko egitea Errusiak Ukraina inbaditzeari, horrek eragiten duen sufrimendu eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari». Ukrainari «babesa eta elkartasuna» helarazteko ere probestu dituzte deialdiak.

Iruñean ere elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan. Udal talde guztietako hautetsiek bat egin dute deialdiarekin, eta bost minutuko isilunea egin dute eguerdian, udaletxearen parean. Enrique Maia alkateak ere parte hartu du protestan. Udalak ohar batean azaldu duenez, protesta «sinboliko» horren helburua da «bizilagunen eta udal ordezkarien elkartasuna adieraztea», Ukrainako inbasioaren aurrean.

Hori bera nabarmendu du Maiak, elkarretaratzearen ostean: alkateak «balioa» eman nahi izan die udal taldeen «adostasun politikoari» eta Ukrainari agertu dioten babesari: «Honek frogatzen du hiria engaiatua dagoela auzi honetan».

Maiak «kezka» agertu du Ukrainaren etorkizunaren inguruan: «Iristen diren albisteak oso gogorrak dira. Inpotentzia eta sufrimendua sentitzen dugu, telebistan irudi horiek ikusten ditugunean».

Alkateak azaldu du iragan asteartean batzartu zela Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordearekin eta Eduardo Santos Migrazio Politiketako kontseilariarekin, «era koordinatuan lan egiteko». Horrez gain, Iruñeko Udala harremanetan dago Ukrainako herritarren elkarteekin eta bestelako eragile sozialekin, ukrainarrei harrera egin eta laguntza koordinatzeko. Besteak beste, areto bat atondu dute Iturrama auzoko Civivox gunean, «elkarteon egitekoa koordinatu ahal izateko». Azkenik, Maiak iragarri du Iruñeko azoketan ere gune bereziak prestatuko dituztela, elikagaiak bildu eta Ukrainara bidaltzeko.

Iruñean ez ezik Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere egin dituzte protestak. Gasteizen, Gorka Urtaran alkate eta Eudeleko presidentea buru dutela bildu dira. Urtaranek nabarmendu du «herritarren mailan» egon nahi dutela eta, elkartasuna sinbolikoki erakustearekin batera, «ekintzekin» ere bide beretik joko dutela.

Nafarroan, 130

Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatuak ari dira pixkanaka Euskal Herrira ere iristen. Nafarroan, esaterako, 130 artatzen ari dira dagoeneko —erdiak adin txikikoak—, Remirezek emandako datuen arabera. Gainera, espero du datozen egunetan zenbaki hori handitzen joatea eta 200 pertsonara iristea. «Zorroztasunez, seriotasunez eta segurtasun juridikoz» artatu nahi dituzte guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.