Euskal presoak

Auzitegi Nazionalak Gorka Palacios euskal presoa absolbitu du

Fiskaltzak 316 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen, eta Atristain auziko jurisprudentzia oinarri hartuta absolbitu dute.

jarraia210798.jpg
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 14a
19:04
Entzun

Atristain auziko jurisprudentzia oinarri hartuta, Gorka Palacios euskal presoa absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bi atxilotuk torturapean jo zuten erruduntzat Palacios, eta, auzitegiak dekretatu duenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berriaren arabera, deklarazio horiek ez dira kontuan hartu behar. Ondorioz, Palaciosen aurkako frogarik ez dagoela adierazi du auzitegiak, eta errugabetzat jo du. Fiskaltzak 316 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Palaciosentzat, ETAk 2001ean Madrilen egindako atentatu batengatik.

Epaiak adierazten duenez, Atristain auziko jurisprudentziak «inkomunikatutako atxiloketa egoeran defendatzeko eskubideari buruzko estandar berri bat» ezartzen du; izan ere, 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zuten Xabier Atristain Gorosabel, eta ez zioten abokatu bat aukeratzen utzi. Epaiaren arabera, gainera, jurisprudentzia hori «funtsezkoa» da oinarrizko giza eskubideak bermatzeko.

Absoluzioan azaltzen denez, Anabel Eguesek inkomunikazio egoeran deklaratu zuen, eta «tratu txarrak» jasan zituen; «Poliziak esandakoa deklaratu zuen». Adierazpen horiek ez zituen polizia etxean baieztatu nahi izan, ezta Epaitegian deklaratu ere. Horrez gain, epaileek adierazi dute Aitor Garcia Aliagak «ahal bezain laster» salatu zituela torturak: «Deklarazio bat ikasarazi zioten komisarian, eta deklaratzeko mehatxu egin zioten».

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dekretatu duenez, atxilotuek prozeduraren lehen faseetatik konfiantzazko abokatua izendatzeko aukera izan behar dute. Horrela, adierazi dute Eguesek eta Garcia Aliagak ez zutela horretarako aukerarik izan, eta, ondorioz, deklarazio horiek ezin direla kontuan hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.