Lan harremanak

Itunpeko soldaten batez bestekoa %4tik behera igotzen ari da aurten

Langileen %10 inguru lan hitzarmenik gabe daude, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 60.000 . Lan Harremanen Kontseiluak jakinarazi du soilik laurden batek duela ituna indarrean eta berriturik

Arabako metalgintzako langileen protesta bat, aurten. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2022ko martxoaren 16a
12:25
Entzun

Egunotan sindikatuek azpimarratu dute beharginak bizitzaren garestitzea «hemen eta orain» nabaritzen ari direla, eta ez dutela negoziatuko erosteko ahalmenaren galera ekarriko duen lan itunik. Bada, LHK Lan Harremanen Kontseiluak bere azken txostenean berretsi du erosteko ahalmenaren galera jadanik gertatzen ari dela: itunpeko soldaten batez bestekoa %3,87 igotzen ari zen urtarrilean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Oraindik ez daukate Nafarroako datuaren berri, baina antzekoa izango da. Hau da, 2021. urteko inflazioak ez du izan batez besteko igoera oraindik, iazko urte arteko tasa 6,4koa izan baitzen; eta are gutxiago ari da orekatzen urteko lehen bihilekoaren gorakada handia: %7,4koa izan da otsaileko KPIa.

Horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %65 beren lan hitzarmenaren indarraldia luzaturik dela ari dira beharrean, eta beste %10, lan itunik gabe. LHKren arabera, 2021. urtearen bukaerak argazki iluna atera dio negoziazio kolektiboari. Langileen laurden batek baizik ez du hitzarmena indarraldi arruntean eta berriturik. Horrek esan nahi du beste hiru laurdenen itunak berritzeko edo egiteko daudela. Aurreko urteko inflazioa %6,4 izan denez, negoziazio mahai horietan blokeo handia gerta daiteke aurten, patronalak koska hori guztia ez igotzeko proposamen orokorrak egin dituelako, eta sindikatuek, berriz, ohartarazi dutelako ez dutela asmorik erosteko ahalmena galtzeko. Guztira, 450.000 langile daude, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lan ituna egiteko edo berritzeko zain.

Hitzarmen horien artean daude, esaterako, Bizkaiko bulegoetakoa eta metalgintzarena, Gipuzkoako ostalaritzarena eta papergintzarena eta Arabako metalgintzarena ere bai. 2021ean 258 lan itun egin zituzten, eta langileen %18,7k (118.142 langile) beren itunak berritu zituzten. 186 lan itun erregistratu ziren euskal esparruan (61.345 langile), baina estatalizazioaren prozesuak isla izan zuen beste 72 lan itunetan (56.797 langile).

Hobeak dira bertako itunak

Soldaten igoeraren xehetasunetan sartuz gero, ikusten da estatu osoko eragileek egiten dituzten akordioek lan baldintza okerragoak jasotzen dituztela. Tomas Arrieta presidente duen elkartearen txostenak datu adierazgarri bat azaleratu du: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziatutako itunen batez besteko igoera %5,05ekoa zen urte hasieran, batez besteko orokorraren gainetik.

2021erako adostutako batez besteko igoera, berriz, %1,23koa izan zen; enpresa itunetan igoera hobeak lortu dira (%1,92); sektorekoetan baino (%1,01). Gogoratu behar da 2020ko KPIa negatiboa izan zela urte arteko tasan. Dena den, igoera horiek 2021eko KPIaren oso azpitik egon dira; eta LHK-k azpimarratu du urteko inflazioaren batezbestekotik behera ere igo direla lansariak, iazko inflazioaren batezbesteko hori %3,1ekoa izan delako Hegoaldean. Lan itun berriak egiten ez diren bitartean, erosteko ahalmenaren galerak aurrera egingo du.

Enplegu erregulazioei dagokienez, 1.858 dosier aurkeztu zituzten enpresek, eta horiek 32.723 behargini eragin zieten, 2020an baino %84,4 gutxiagori. 2020. urteaItxialdi handiaren urtea izan zen 2020koa, ez alferrik; horrek azaltzen du beherakada handi hori. Erregulazio gehien-gehienak (%97,2) aldi baterako izan ziren; soilik %2,3 izan ziren lan kontratuak hausteko.

Horrez gain, lan gatazkek gora egin dute 2021ean. Aurreko urteko urrira arte, greba kopurua %27 handiagoa izan zen 2020an baino. Langile gutxiagok egin zuten lanuzteren bat (-%40,5) iazko urrira arte, baina lan egin gabeko egunak ugaldu egin ziren, %174 gehiago izan baitziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.