Aske utzi dituzte atzo atxilotu zituzten 34 gazteak

Atzo goizean piketeak egin zituzten EHUko campusetan, ikasle grebaren harira, eta kalte materialak eragin zituzten Arabako campusean. Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen, eta atzo iluntzean utzi zituzten aske. Epailearen aurretik pasatu beharko dute datozen egunetan.

Atzoko ikasleen manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko martxoaren 25a
10:10
Entzun

Aske daude, eta epailearen aurretik igaro beharko dute atzo Gasteizko EHU Euskal Herriko Unibertsitateko campusean atxilotutako 34 gazteak. Ikasle Abertzaleak mugimenduak deituta, hezkuntza erreformen kontrako greba eguna antolatua zuten atzoko, eta «hezkuntza sistema sozialista» eraikitzera deitu zuten.

Goizean, piketeak ibili ziren EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan, eta Gasteizkoan istiluak izan ziren. EHUk igorritako ohar baten arabera, petardoak eta bengalak jaurti zituzten, hormetan pintaketak egin zituzten eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu zituzten. Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen.

EHUko Errektoretza taldeak «aringarririk gabe» gaitzetsi zituen istiluak. «Gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka egindako atentatuak dira, eta ez dituzte EHUko ikasleak ordezkatzen, ezta unibertsitatea eta haren balio etiko eta akademikoak ulertzen ere», adierazi zuten, ohar bidez. EHUk azaldu zuenez, kalteak baloratu egin behar zituzten, salaketak jarri eta erantzukizunak eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.