Osasungintza

Osakidetzan beste bi greba egunetara deitu dute: apirilaren 8rako eta maiatzaren 16rako

Otsaileko mobilizazioetatik «urratsik ez egitea» leporatu diote Jaurlaritzako Osasun Sailari ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.

Otsailaren 28an egin zuten azken greba Osakidetza osoan. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 28a
12:25
Entzun

Osakidetzako langileek beste bi greba egun egingo dituzte datozen asteetan: apirilaren 8an lehen mailako arretan izango da lanuztea, eta maiatzaren 16an, ospitaleetan eta buru osasuneko sarean. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eman dute deialdien berri, goizean Bilbon egindako agerraldi batean. Azken grebak eta mobilizazioak egin zituztenetik hilabete joan den arren «urrats bakar bat ere ez egitea» egotzi diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari: «Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, protesten intentsitateak behera egiten duenean, Osakidetzaren erantzun bakarra immobilismoa da».

Osakidetza «egoera larrian» dela berretsi dute sindikatuek, eta gaineratu dute otsaileko mobilizazioen jarraipenak eta herritarren babesak agerian utzi zutela «berehalako eta sakoneko konponbideak» behar direla: «Lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik». Egoera bideratzeko «inolako borondaterik» ez dute ikusten Osakidetzan, ordea. Zuzendaritzaren jarrerari buruz gogor mintzatu dira SATSEko kide Amaia Mayor eta ELAko ordezkari Esther Saavedra, gainerako sindikatuen izenean; propaganda egitea leporatu diote: «Azken asteetan egin duen gauza bakarra izan da lan eskaintza publiko baten azterketa datak iragartzea. 1.611 lanpostu besterik ez daude deituta, behin-behineko 24.600 langile dauden arren».

Bide horretan, sindikatuek gogora ekarri dute mahai sektorialean dagoen korapiloa. Otsaileko greben aurretik, mahaian planto egin zuten, «edukirik eta negoziaziorik ez» zegoela salatzeko. Kritika horiei erantzunez, Osakidetzako arduradunek adierazi izan dute sindikatuek aukera dutela gai zerrenda ezartzeko, baina gezurretan aritzea egotzi die Mayorrek: «Gaiak proposatu izan ditugunean, ez dituzte onartu. Gainera, pantailaren atzean ezkutatzen dira: eskatzen ari gara bilera presentzialak berreskuratzeko, baina telematikoki dabilen funtzio publikoko mahai bakarra da gurea». Mikaztutako harreman hori berregiten saiatzeko, martxoaren 9an Lan Harremanen Kontseiluan biltzera deitu zuten sindikatuek, «gutxienez negoziazio metodologia bat adosteko», baina Osakidetza ez zen agertu.

Horrekin lotuta dago, era berean, garapen profesionalaren inguruko ika-mika. Soldata osagarri hori etenda dago 2011tik, eta iazko uztailean Osakidetzak eta sindikatuek akordio bat lortu zuten berreskuratzeko: Osasun Sailak garapen profesionalerako deialdia argitaratu behar zuen abenduaren amaieran, baina oraindik ez du argitaratu, eta otsaileko greben atarian adierazi zuen prest zegoela 300 milioi euro jartzeko osagarria berreskuratzeko. Mayorrek aldarrikatu du garapen profesionala «eskubide bat» dela: «Murrizketa bat betikotzen ari dira. Garapen profesionalerako deialdia ez egiteak plantilla osoan du eragina».

Eta, bitartean, osasun zerbitzuetako gabeziak ez dira zuzendu: «Lehen arreta azken hamarkadetako desegitearen ondorioak jasaten ari da: sistematikoki gainezka dago, eta askotan kolapso egoerara heltzen da. Lehen arretaren etorkizuna dago jokoan». Horregatik, otsailean bezala, lanuzte egun bat egingo dute berariaz lehen arretan, apirilaren 8an; bigarren greba, maiatzaren 16koa, erietxe guztietan eta buru osasuneko zerbitzuetan egingo dute, sistema osoak jasaten duelakoan «Jaurlaritzaren austeritatea eta lan baldintzen debaluazioa». Hala, jarrera aldatzeko eskatu diote sindikatuek Osakidetzako zuzendaritzari. «Guk negoziatzeko borondate guztia dugu, baina edukiak behar ditugu», ohartarazi du Saavedrak.

Transfusioen zentroan, lau eguneko greba

Osakidetzaren arazo orokorrez gain, badira hamaika gatazka txiki zenbait osasun zentrotan eta sektoretan: «Batzuek hilabeteak edo urteak daramatzate, baina Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik». Horietako bat Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko beharginena da: beste lankideekin parekatzeko eta haiek kobratzen duten soldata osagarria jasotzeko eskatzen ari dira, eta, aldarrikapen hori sendotzeko, lau greba egun egingo dituzte, apirilaren 19tik 22ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.