Hezkuntza

Hezkuntza ituna onartu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak, gehiengo zabal batez

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute. PP-C’s-k ez du bozketan parte hartu, eta Voxek aurka bozkatu du. Hezkuntza ituna behin betiko berretsiko dute apirilaren 7ko osoko bilkuran.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 28a
14:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legea egiteko erabiliko duen dokumentuaren tramitazioak beste urrats bat egin du Eusko Legebiltzarrean: Hezkuntza Batzordeak gehiengo zabal batekin onetsi du hezkuntza ituna. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk joan den astean lortutako akordioaren ondorio da testua, eta talde horien aldeko botoekin egin du aurrera. Hezkuntza itunaren aurka agertu dira PP-C’s eta Vox. PP-C’s kexu agertu da itunaren tramitazioan izandako «akats onartezinekin» eta dokumentuaren edukiarekin, eta uko egin dio bozketan parte hartzeari. Voxek ere gogor kritikatu ditu testuaren oinarriak, eta aurka bozkatu du.p>

Ikusi gehiago:Kontseiluak eskatu du zehaztu dadila irakas-hizkuntza euskara izango dela

Hezkuntza itunerako testu berria adostu duten lau alderdiek, ostera, akordioaren garrantzia nabarmendu dute. EAJko Leixuri Arrizabalagak azpimarratu du itunak «adostasun zabala» lortu duela eta haren bitartez hezkuntza sistemari «sendotasuna» emango zaiola. Besteak beste, esan du itunean segregazioari aurre egiteko eta ikastetxeak «ahalduntzeko» neurriak bilduta daudela.p>

EH Bilduko Ikoitz Arresek esan du lortutako akordioa ez dela «EH Bilduk %100 nahiko lukeena», baina «positiboa» dela akordio zabala delako, eta hezkuntza sistema «eraldatzeko» ateak irekitzen dituelako. Halaber, akordioaren inguruan azken egunotan izan diren «manipulazioak» salatu ditu Arresek. Argitu du akordioak segregazioa amaitzeko modua emango duela, eta gogora ekarri du itunean jasota daudela, besteak beste, eskola inklusiboaren alde aurkeztutako herri ekinaldi legegilean jasotako puntu guztiak. Halaber, ukatu egin du eskola publikoaren kalterako izango dela, eta berretsi ituntze unibertsala amaitzeko bidea irekiko duela.

Ikusi gehiago:Hezkuntza itunak «sistema duala betikotuko» duela salatu dute

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu du onartutako ituna sare publikoaren eta euskara ardatz duen eredu eleaniztunaren aldeko pausoa dela, eta segregazioa amaitzeko neurri sorta jasotzen duela. Martinezek argitu du gaur emandako aldeko bozak ez duela baldintzatuko taldeak legearen inguruan izango duen jarrera; hala, ohartarazi du arretaz begiratuko dutela legeak itunaren oinarriak jasotzea.

Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi du testuak legebiltzarkideen %90en babesa izatea «mugarria» dela, eta pozik agertu da adostasun zabalarekin egingo duelako aurrera. Azpimarratu du akordioari esker euskal eskola publikoari garrantzi handiagoa emango zaiola eta eredu eleaniztuna sustatuko duela, euskara sistemaren ardatz bilakatuta.

Hezkuntza batzordearen oniritzia jasota, apirilaren 7ko osoko bilkuran onartuko dute hezkuntza ituna behin betiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.