Hezkuntza legea

Kontseiluak eskatu du zehaztu dadila irakas-hizkuntza euskara izango dela

Euskara «ardatza» izateak zer esan nahi duen argitzea nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Kezka agertu du «hezkuntza esparru eleaniztuna» hezkuntza legerako adostutako testuan jaso izanarekin.

Kontseiluak hezkuntzako eragileekin batera egindako agerradia, hezkuntza legeak ereduen sistema gainditu dezan eskatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 28a
16:50
Entzun

Eredu inklusibo orokortuak zer esan nahi duen, hori jakin nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Positibotzat jo du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legerako adostutako testuan jaso izana, baina haren oinarria zein den «argitu eta zehaztu» beharra dagoela adierazi du, ohar batean.

Izan ere, adostutako testuan, hizkuntzen erabilerari dagokion atalean, artikulu bat gehitu dute: «Euskara ardatz izango duen esparru eleaniztun orokortu baten aldeko apustua egiten dugu. Bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzen dugu, betiere ikasleen jatorrizko hizkuntzak eta kulturak aintzat hartuko dituena». Kontseiluak kezka agertu du «hezkuntza esparru eleaniztuna» kontzeptuaren inguruan: «Eredu eleaniztunaz ez baizik esparru eleaniztunaz ari da hitzarmena, eta uste dugu jakin behar dela zein den bi horien arteko aldea».

Ikusi gehiago:Hezkuntza ituna onartu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak, gehiengo zabal batez

Gainera, artikulu horrekin «talka» egiten duten ekarpenak testuan txertatu izana ere kritikatu du Kontseiluak. «Esaterako, onartuko den testuan jasotzen da hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela, eraginkortasuna areagotzeko», azaldu du, eta erantsi kezka dutela horri buruz. Horren «ondorioak» zein izango diren zehaztu behar dela uste du. Posizio argia du erakundeak, alde horretatik. Euskara ardatz izateak irakas-hizkuntza euskara izango dela esan nahi du, haren arabera. Hala berresten dute orain arteko datuek ere, erakundearen esanetan: «Datuek aski ongi erakusten dute euskara irakas-hizkuntza duen eredua dela ikasleek hizkuntza gaitasun egokiak eskuratzeko arrakastatsuena».

Kontseiluak egoki ikusten du ikastetxeen araberako hizkuntza proiektuak egitea. Alta, proiektua edozein dela ere, beharrezkotzat dauka euskara izatea irakats-hizkuntza, «baldin eta hitzarmenak aurreikusitako gaitasunak lortuko badira». Gaineratu du «kezkagarria» litzatekeela «garai bateko marko hirueledunari atzeko atea irekitzea», noiz eta «belaunaldi berriak euskalduntzeko erronka pil-pilean dagoen honetan».

Irteera profilak, «norabide onean»

Kontseiluak azpimarratu du hitzarmenean zehaztuta dagoela zer hizkuntza gaitasun eduki behar duten ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan. DBH amaitutakoan, ikasleek B2 maila izan beharko dute bi hizkuntza ofizialetan, eta B1 atzerriko hizkuntzan. Kontseiluaren «aldarrikapen historikoa» izan da hizkuntza gaitasuna zehaztea, erakundeak dioenez, eta, horrenbestez, neurria «norabide onean» doala uste du. Hala ere, puntu horren kontraesana iruditzen zaio testu berean jasota dagoen beste bat: «Hori adostuta, ez dugu ulertzen hitzarmenaren beste atal batean erabiltzaile aurreratuaren gaitasuna kendu eta euskararen ezagutza praktikoa helburu izatea jasotzen zuen beste ekarpen bat onartu izana».

Adostutako testuak «helburua definitu» bai, baina ez du behar bezain argi erakusten horretarako bidea, Kontseiluaren esanetan. Horregatik, ezarritako hizkuntza gaitasuna lortzeko zer hizkuntza proiektu egingo diren zehaztea nahi du. Horretan eragiteko asmoa ere agertu du, testuak berariaz jaso dezan «euskara irakats-hizkuntza izango duen murgiltze eredu orokortua». Euskalgintzarekin, hezkuntza komunitatearekin, eragile sindikalekin batera egingo du proposamena, eta, alde horretatik, gizarte eragileen ahotsa legearen prestakuntza prozesuan ere aintzat har dadila eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.