Greba Osakidetzan

Lehen arretarako baliabide gehiago eskatu dute Osakidetzako langileek, urteko hirugarren greban

ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen arabera, %50eko oihartzuna izan du lanuzteak; Jaurlaritzaren arabera, %14koa.

Osakidetzako langileak, gaur goizean egin duten protestan, Bilbon. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2022ko apirilaren 8a
15:24
Entzun

Osakidetzako lehen arretako langileak greban daude gaur, ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, %14koa izan da erantzuna, baina beharginen ordezkariek datu handiagoa eman dute: «Greba egin dezaketenen %50ek» hartu dute parte lanuzteetan. «Arrakasta bat da, kontuan hartuta gutxieneko zerbitzuak nolakoak diren, eta plantillaren nekea adierazten du: baliabide gehiago eskatzen ari dira lehen arretan lan egin ahal izateko», adierazi du CCOOko ordezkari Iñigo Garduñok eguerdian Bilbon, manifestazioa abiatu baino lehen. Jone Arruabarrena BERRIAko kazetariak eman du Donostiako mobilizazioaren berri.

Bilboko ELAko bozeramaile Esther Saavedrak gogora ekarri du beste bi greba egun egin zituztela otsailean: «Lehen arretaren egoera bereziki larria da, eta okertu egingo da neurriak hartu ezean». «Langile faltaren arazoa konpontzeaz» mintzatu da Amaia Mayor SATSEko kidea: «Zuzeneko harremana dago lan zamaren eta grebaren jarraipenaren artean; Osakidetzak irakurketa hori egin behar du, ohartu behar du karga horrek zerbitzuaren kalitatean eragiten duela». Giza baliabideak ez ezik, zerbitzuak ere aipatu ditu Garduñok: «Etengabeko arretaguneetako ordutegiak berreskuratu behar ditugu; Gabonetan, Jaurlaritzak esan zuen murrizketa koiunturala izango zela, baina ematen du mantendu nahi duela».

Udara begira ere jarri da Ana Vazquez UGTko osasun arduraduna: «Osakidetzak urteak daramatza bere arazoak ukatzen. Eta, beste urte batez, udan zentroak itxi eta ordutegiak murriztuko ditu; beraz, arazo horiek aurreikusi eta konpontzeko eskatzen diogu, langileen zama ez areagotzeko». LABeko Ana Tere Alvarezek, berriz, oroitu du Osakidetzako garbitzaileak ere greban direla egunotan: «Zerbitzuak pribatizatzeari utzi behar diote».

EAEko Arartekoak azken hilabeteetan osasun zerbitzuen inguruan jasotako kexei erreparatzea ere galdegin diote Jaurlaritzari: «Lehen arreta indartu egin behar da kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko». Horrez gain, negoziatzeko eskatu diote behin eta berriro, eta, ildo horretan, mahai sektoriala edukiz betetzeko. Izan ere, espazio horretan plantoa egin zuten sindikatuek otsaileko greben atarian; apiril hasieran bilerara itzuli ziren, baina batzarra amaitu baino lehen altxatu egin ziren. «Osakidetzako zuzendaritzak ez du negoziatzeko borondaterik: propaganda egiten ari da», esan du Saavedrak. Mayorrek erantsi du gaur bertan jaso dutela haien mezua, hilabete amaieran mahaira deitzeko: «Argi dago mobilizatu ezean Osakidetzak ez duela hitz egiteko borondaterik».

Maiatzean, greba ospitaleetan

Urteko hirugarren greba eguna dute gaur Osakidetzako langileek, eta beste bat ere antolatu dute maiatzaren 16rako, ospitaleetan eta buru osasuneko sarean. Erietxeetan hainbat gatazka daude zabalik, eta, horren harira, Basurtuko, Santiagoko, Bidasoko eta Onkologikoko beharginek Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten atzo, «zentrook desmantelatzeagatik». LABek bat egin du eskaera horrekin: «Eta Urkulluk ere ardurak hartu behar ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.