Pablo Gonzalez Varsoviatik 100 kilometrora dagoen espetxe batera lekualdatu dute

Lehen aldiz, konfiantzazko abokatu poloniar bat du defentsak. Auzia ere tokiz aldatu dezaketela jakinarazi dute.

Pablo Gonzalezen 'selfie' bat, Dniporren. PABLO GONZALEZ
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 22a
15:54
Entzun

Pablo Gonzalez kazetaria espetxez aldatu dute. Público egunkariak haren sendiaren bitartez baieztatu ahal izan duenez, Varsoviatik 100 kilometrora dagoen espetxe batean da Gonzalez. Otsailaren 28an Ukrainako mugan atxilotu zutenetik Rzeszowko espetxean izan dute preso, Poloniako hiriburutik 400 kilometrora. Gutxienez, maiatzaren 29ra arte izango da behin-behineko espetxealdian.

Familiak begi onez hartu du espetxe aldaketa, hiriburutik gertuago dagoenez, horrek bere defentsa erraztuko duelako. Gainera, orain arte ez bezala, bere konfiantzazko abokatu poloniar bat du Gonzalezek. Gonzalo Boye da bere abokatua, baina aurrerantzean beste abokatu poloniar bat ere izango du. Aurretik ofiziozko bi abokatu poloniar izan ditu, baina horiekin ez dute aurrera egin.

Pubilco-k argitaratu du Varsoviatik gertuago egoteak familiaren bisitak egiteko modua ere emango duela. Orain arte Espainiako enbaxadorearen bi bisita izan ditu soilik. Oihana Goiriena kazetariaren emazteak eta euren seme-alabek telefonoz ere ezin izan dute hitz egin harekin 53 egun hauetan. Maiatzaren 29an epaileek behin-behineko espetxealdia luzatzen duten edo aske uzten duten ebatziko dute.

Ukrainako Gerraren berri ematen ari zela atxilotu zuten Gonzalez. Errusiaren aldeko espioitza lanak egitea leporatzen diote Polonian, eta hamar urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete horregatik. Auzia Rzeszow hiriko epaitegietan zegoen, baina, espetxez aldatu ondoren, litekeena da instrukzioa ere beste hiri batera eramatea. Gonzalezen hurkoek, ezinegonak bultzaturik, sinadura bilketa bat jarri dute martxan Change.org plataforman, Gonzalezen eskubideak errespeta daitezen galdegiteko. 4.600 sinadura bildu dituzte lehen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.