BPG-a

Ekonomia eta enplegua sendo hazi dira urte hasieran ere

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %1 handitu da 2022ko lehen hiruhilekoan, Eustaten arabera.

Langile bat Haizea Winden fabrikan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 25a
10:48
Entzun

Ukrainako gerrak ez du, oraingoz bederen, ekonomiaren hazkundea eten. Eustatek aurreratutako lehen estimazioaren arabera, 2022. urteko lehen hiruhilekoan %1 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Motelaldi txiki bat da aurreko hiruhilekoko hazkundearekin konparatuta —%1,2 hazi zen 2021eko hirugarrenetik laugarrenera—, baina erakusten du ekonomia COVID-19aren krisitik irteten ari dela oraindik ere.

Pandemiaren eragina atzean geratzen ari dela are gehiago erakusten du urte arteko tasak: %5,2ra iritsi da. Koska bat bizkortu da 2021eko azken hiruhilekoko urte arteko tasatik —%4,5—, 2021eko lehen hiruhilekoan asko motelduko zelako hazkundea, koronabirusaren bigarren eta hirugarren olatuen ondorioz.

Urteak aurrera egin ahala hazkundea pixka bat moteltzea espero du Eusko Jaurlaritzak, litekeena baita Errusiak Ukraina inbaditu izanak egungo ekonomiaren arazo handi batzuk areagotzea, hala nola inflazio handia, erregai garestiak eta hornikuntza katea. Horren ondorioz, duela hilabete Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak bi puntutik gora murriztu zuen aurtengorako hazkunde iragarpena: %6,7tik %4,5era txikitu du. Ondorioz, hiru lurraldeetako barne produktu gordina pandemiaren aurreko mailara itzuliko da, baina ez du gaindituko uste bezainbeste. 2023rako ere suspertze handia iragarri du, %4,1ekoa.

Enplegua ere, gora

Hazkunde ekonomikoaren eskutik berreskuratzen ari dira pandemian galdutako lanpostuak ere. Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua, %0,9 gehitu da aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte arteko tasan, berriz, %5ekoa izan da.

Datu horiek bat datoz Eustatek berak joan den astean zabaldutako lan merkatuari buruzko inkestarekin ere. Haren arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan 8.300 okupatu (langile) gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %9,1era jaitsi da.

Datorren ekainaren 3an zabalduko ditu Eustatek gaur emandako datuak. Orduan emango ditu sektorekako datuak ere, baina estatistika erakundeak aurreratu du industriak izan duela haien artean portaerarik onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.