Itxialdia egin dute Osasun arloko sindikatuek Donostia ospitalean

Osakidetzaren «jarrera immobilista» salatu, eta eskaerei bizkarra eman diela esan dute sindikatuek. 

Osasun arloko sindikatuen mobilizazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko apirilaren 27a
15:43
Entzun

Osakidetzarekin negoziatzeko mahai sektoriala zuten gaur SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK sindikatuek, baina iragarri zuten ez zirela bilduko, Osakidetzak proposatutako gai zerrendan ez zirelako jasotzen sindikatuen eskaerak. Sindikatuek itxialdia egin dute Donostia ospitalean hori salatzeko. «Osakidetzaren immobilismoa, negoziatzeko borondaterik eza eta Mahai Sektorialaren eduki gabezia salatu nahi dugu», adierazi dute sindikatuek.

Osakidetzak sindikatuen eskaerak aintzat ez hartzea salatu dute: «Langileei bizkarra ematen diete». Gaineratu dute Osakidetzaren jarrera «onartezina» dela: Eusko Jaurlaritzak 2021eko ekitaldian 605 milioi euro aurreztu dituela «harro» esan zuen, eta Arartekoak herritarren eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruzko jasotako kexen kopurua igo delako.

Osakidetzak negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek: «Eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada mobilizazioekin jarraituko dugu, eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko».

Auziari dagokionez hitz egiteko prest daudela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Sentitzen dut sindikatuak mahai sektorialera joan ez izana; departamentuaren borondatea nahitaezkoa da aurrera egin ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.