Osakidetzarekin negoziatzeko mahai sektoriala zuten gaur SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK sindikatuek, baina iragarri zuten ez zirela bilduko, Osakidetzak proposatutako gai zerrendan ez zirelako jasotzen sindikatuen eskaerak. Sindikatuek itxialdia egin dute Donostia ospitalean hori salatzeko. «Osakidetzaren immobilismoa, negoziatzeko borondaterik eza eta Mahai Sektorialaren eduki gabezia salatu nahi dugu», adierazi dute sindikatuek.
Osakidetzak sindikatuen eskaerak aintzat ez hartzea salatu dute: «Langileei bizkarra ematen diete». Gaineratu dute Osakidetzaren jarrera «onartezina» dela: Eusko Jaurlaritzak 2021eko ekitaldian 605 milioi euro aurreztu dituela «harro» esan zuen, eta Arartekoak herritarren eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruzko jasotako kexen kopurua igo delako.
Osakidetzak negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek: «Eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada mobilizazioekin jarraituko dugu, eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko».
Auziari dagokionez hitz egiteko prest daudela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Sentitzen dut sindikatuak mahai sektorialera joan ez izana; departamentuaren borondatea nahitaezkoa da aurrera egin ahal izateko».