Mendebaldeko Sahara

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Saharari buruzko Marokoren proposamena, PSE-EEk salbu

Espainiako Gobernuari eskatu dio nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen araberako konponbide politikoa «babesteko eta aktiboki errazteko».

Fronte Polisarioko ordezkaritzako kideak legebiltzarrean. Gaur goizeko argazkia. EUSKO LEGEBILTZARRA
unai etxenausia
2022ko apirilaren 27a
15:47
Entzun

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du, PSE-EEren aurkako botoarekin, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Marokok Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari emandako babesa. Ondorioz, legebiltzarrak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortu du. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek onetsi dute testua, PP+Cs koalizioak babestu egin du eta Vox abstenitu egin da. Are, Espainiako Gobernuari eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundean, Europako Batasunean eta nazioarteko gainerako erakundeetan gatazkari irtenbide politiko erreal bat emango dion proposamen bat «aktiboki babesteko eta errazteko», eta «nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera» jokatzeko.

Espainiako Gobernuak bat egin zuen Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sanchezek gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi bezala» tratatuko duela Maroko.

Ikusi gehiago: Sanchezek Rabaten autonomia plana babestu izana gaitzetsi dute haren bazkideek

Maitane Ipiñazar EAJko legebiltzarkideak arbuiatu egin du Espainiako Gobernuko presidenteak Marokoko erregeari eman dion babesa, «Espainiak Saharari buruz duen jarrera aldatuz», eta uste du Marokoren proposamena ez dela konponbiderako bidea: «Espainiako Gobernuak edo Marokok ez dute Sahararen etorkizuna erabaki behar, beraiek erabaki behar dute askatasunez».

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu egin du Sanchezen gobernuaren «aldaketa erradikala eta aldebakarrekoa», eta salatu du gaiaren inguruko «informazio eta gardentasun falta» egon direla. «Zergatik aldatu da Sahararekiko jarrera? Zeren truke? Zer da hain garrantzitsua saharar herriaren konfiantzari traizio egiteko?», galdetu du.

«Malabarismo semantikoa»

Eztabaida honen jatorria Sanchezek Marokoko erregeari bidalitako eskutitza dela azaldu du Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak. «Bi herrialdeen arteko harreman berri bat» proposatzen duen eskutitza izan zela defendatu du, eta iragan hurbileko eta baita orain aldiko «arazoak gainditzen» saiatzen ari dela Espainiako Gobernua. Era berean, zenbait alderdiren «gehiegikeria» arbuiatu du. Horregatik, sozialistek «aitortzaren, entzutearen eta elkartzearen alde» egiten dutela gaineratu du Prietok: «Immobilismoan dauden gatazketan ez dago konponbiderik».

Osoko bilkuran entzule gisa egon dira Euskal Herriko Fronte Polisarioko ordezkaritzako kideak. Eztabaidaren ostean, Limam Mohamed Ali Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkariak agerraldia egin du hedabideen aurrean, eta eskerrak eman dizkio Legebiltzarrari Espainiako Gobernuaren jarreran izandako «erabateko aldaketaren aurkako erreakzioagatik». Halaber, uste du eztabaidan PSE-EEk «malabarismo semantikoak eta errealitatetik urrun dauden jokoak» erabili dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.