EUSKAL PRESOAK

Estrasburgok atzera bota du Atristainen auzian Espainiak jarritako helegitea

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiak «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola euskal presoari

Atristain, espetxetik atera berri, otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2022ko maiatzaren 9a
16:21
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du onartu Espianiako Gobernuak Xabier Atristain preso ohiaren auzian jarritako helegitea, eta, beraz, Estrasburgoko auzitegiaren erabakia irmoa da. Espainiak Atristainen eskubideak urratu zituela eta prozesu «justu eta ekitatezko bat» izatea eragotzi ziotela ebatzi zuen urtarrilean Estrasburgoko auzitegiak. Hala, presoa otsailaren 17an irten zen Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa).

Erabaki horren ondoren, Atristain aske geratu zen otsailaren 17an, Estrasburgoko auzitegiaren erabakia betearazteko. Zehazki, Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salak ebatzi zuen Atristainen zigorra eten egin behar zela Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententzia nola aplikatu erabakitzen duen bitartean. Hala ere, Espainiako Justizia ministro Pilar Llopek apirilaren 12an jakinarazi zuen Estatuaren Abokatutzak helegitea jarriko zuela Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren aurka. Helegitea aztergai izan dute bost magistratuk, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak jakinarazi du helegitea baztertzea erabaki dutela.

Beste preso batzuen kasuetan ere Atristainen epaia oinarri hartzeko eskatu du Etxerat elkarteak: «Ehunka euskal preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztela izan atxiloaldian».

Torturak

Inkomunikazio aldiaren ondoren torturak salatu zituen Atristainek. Besteak beste, azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan esan zuen, adibidez, neska laguna atxilotzeko mehatxua egin ziotela. ETAko kide izatea leporatuta zegoen preso.

Estrasburgoko auzitegiaren arabera, hain zuzen, Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi zituen: lehena, epaiketa justu bat eta ekitatezkoa izatea bermatzen dituena; bigarrena, defentsa eskubideari eta abokatua libreki aukeratzeari dagokiona.

Ikusi gehiago:Jesus Mari Altable presoa aske geratu da

Urtarrilean argitaratutako epaiak dioenez, abokatua aukeratzeko debekuak «gero egin zen prozesu penalaren ekitatea hautsi zuen; izan ere, akusatuaren lehen deklarazioa proba gisa onartu zen». Estrasburgoko auzitegiaren esku hartzea ere arrazoitu dute epaileek, esanez haren lana dela halako epaiketak bidezkoak direla zaintzea.

Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berehala agindu zuen hura inkomunikatzeko, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta. Ordea, sententziak azaltzen du epaileak argudio «generikoak» erabili zituela euskal presoari abokatua aukeratzea galarazteko, eta «automatikoki» ezarri ziotela inkomunikazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.