Ekialde Hurbila

Abu Akleh kazetariaren hiletan hilkutxa zeramatenen kontra oldartu da Israelgo Polizia

Europako Batasunak gaitzetsi egin du poliziek jokabidea. NBEren segurtasun kontseiluak «hilketa» ikertzeko eskatu du ohar batean, baina Israel aipatu gabe. Joe Biden AEBko presidenteak ere ikerketa bat eskatu du.

Hilkutxa zeramatenak, poliziarengandik babetu nahian. ATEF SAFADI, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 13a
15:09
Entzun

Estatu hileta egiten diote Xireen Abu Akleh kazetari palestinarrari, Jerusalemen. Asteazkenean hil zuen Israelgo armadak, eta 10.000 lagun elkartu dira bi egun geroago hari azken agurra ematera. Hiletan, Israelgo Polizia hilkutxa zeramatenen aurka oldartu da, eta hilkutxa erortzear izan dute haiek. Gorpua Saint Joseph ospitaletik atera dutenean jazartu zaie polizia, elizara bidean zeramatzatela. Ilargi Gorriaren arabera, 33 pertsona artatu behar izan dituzte poliziaren erasoaren ondoren, eta horietatik sei ospitalera eraman behar izan dituzte. Poliziak esan du harriak bota zizkietela, baina bideoetan ez da horrelakorik ikusten. Al-Jazeera zuzenean ari zen ematen hileta.

Ez dira horiek istilu bakarrak izan. Poliziak sei pertsona atxilotu ditu hiletan; horietako bi, Israelek okupaturiko Jerusalemen zati horretan Palestinako bandera erakusteagatik. «Hil ondoren ere, hura isilarazi nahian da Israel», salatu du kazetariaren iloba Lina Abu Aklehk. «Hileta bat ere ez daukagu bakean egiterik. Zoritxarrez, hainbat kontrol zeuden ospitalera bidean, autoak ez zitezen horra iritsi, eta elizaren ondoan dagoen Jaffako atera ere iritsi ezinean dira autoak», adierazi dio Al-Jazeerari.

Antonio Guterres NBEk idazkari nagusiak polizien jokaera kritikatu du, eta adierazpen eta biltzeko askatasunak errespetatzeko eskatu du. Ez da bakarra izan; Europako Batasunak gaitzetsi egin du polizien jarrera, eta «gehiegizko indarra» erabili dutela salatu du. NBEk ostegunean eskatu zuen hilketa sakonki ikertzeko. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak esan du Nazioarteko Zigor Auzitegira eramango dutela kasua. 1997an hasi zen Abu Akleh Al-Jazeerarentzat lanean, eta ikur bat zen Palestinan. Jenindik eraman zuten atzo hilotza Jerusalemera, Nabulus eta Ramallah igaro ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.