Torturatuen Sareak Nafarroan 822 torturaturen testigantzak bildu ditu gaurdaino

Parlamentuan, Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga sarearen lanari buruzko azalpenak eman dituzte, eta  «ikerketa ofizial eta independente bat egiteko» eskatu dute

Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 20a
11:13
Entzun

«Zigorgabetasuna amaitzeko garaia da, torturatuei ahotsa emateko ordua da». Hiru hilabete iragan dira Berriozarren Torturatuen Nafarroako Sarea aurkeztu zenetik, eta Jorge Txokorra eta Ainara Gorostiaga sareko kideak beste mugarri batera heldu dira gaur, Nafarroako Parlamentuan izan baitira euren lanaz eta helburuez azalpenak ematen.

Biek nabarmendu dute sei hamarkadatan errealitatea ezkutatzeko harresi handi bat egon dela, eta euren zeregina dela isiltasunarekin amaitzea. Horretarako, Nafarroan tortura jasan dutenei ahotsa eman diete, eta hilabeteotan errolda bat egiten ari dira «etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri».

Errolda lanaren emaitza

Gaurdaino, lan horren arabera, 822 torturaturen testigantzak bildu dituzte, eta 990 tortura kasu egiaztatu. «Zoritxarrez, datu hori handituz joango da datozen asteetan», azaldu du Txokarrok. Haren hitzetan, errolda lan hori «gogorra» izaten ari da: «Batzuek, euren familiarekin elkarbizitzan, ez dute inoiz hitz egin honi buruz. Behin barrena husten hasten direnean, oso gaizki geratzen zara». Txokarrok adierazi du haietako askok ez dakitela noiz izango den aitortua euren tortura kasua. «Guk ere ez dakigu beste 40 urte iragan beharko diren jakiteko benetan zer gertatu den».

«Ahalik eta lan zorrotzena egin nahi dugu, etorkizunean aurpegia jartzeko eskubideen urraketa honi, kasuz kasu». Bilketa lan horren helburua ez da soilik giza eskubideen urraketa biltzea eta salatzea,«terapia psikologikoko lan bizi bat» ere egiten da, Txokarroren arabera. «Idatzia betetzerakoan, barrenak hustu behar dituzte. Batzuk bortxatuak izan dira, eta bizitza osoan zama hori gainean eramatea konplikatua da; laguntza behar dute 50 edo 40 urteren ondoren horri buruz hitz egiteko».

«Sei hamarkadako isiltasuna»

Ainara Gorostiagak azpimarratu du elkarteak denbora daramala «ikerketa ofizial eta independente bat» egin dadila eskatuz, «sei hamarkadako isiltasuna argitzen lagun dezan». Zigorgabetasuna eta torturaren erabilera «sistematikoak» izan direla azpimarratu dute, eta kate horretan funtsezkoak izan dira bost eguneko inkomunikazioari bide eman dioten legegileak, segurtasun indarrak, auzitegi medikuak, ofiziozko abokatuak eta epaileak.

«Nahiko nuke begiak ixteko ariketa egingo bazenute, eta irudikatu zer pentsatzen duen atxilotua izan den eta polizia etxean aurpegian mozorroa jartzen zaion pertsonak. «Biluzten zaituzte, umiliatu, itotzen zaituzte, gehiago ezin duzun arte egiten dituzu flexioak, erabat gerarazi egiten zaituzte... Auzitegi medikuarengana zoaz, aurpegia puztua duzu, baina hark ez du ezer egiten. Edo ofiziozko abokatua datorkizu eta Poliziak prestatutako adierazpena prestatzen dizu, eta ez dakizu non den abokatu hori. Edo epailearengandik pasatu eta, hori guztia ikusita, beste aldera begiratu eta espetxera bidaltzen zaitu».

Gorostiagak azaldu du ekainaren 25ean Iruñean manifestazioa egingo duela sareak. Gainera, asmoa azaldu dute datozen asteetan parlamentu talde guztiekin harremanak jorratzeko. Erantzunetan talde guztiek erabilitako tonua eskertu dute. Gainera, irailean jardunaldi ireki batzuk antolatuko dituztela esan dute. Torturatuak izan diren herrietako udaletan, gainera, babes mozioak aurkezteko asmoa dute.

Taldeen erantzuna

Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak eskatuta egin da agerraldia. Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak adierazi du bat egiten duela elkartearen helburuekin: torturaren biktimek aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak izan ditzatela, alegia. Garrantzitsutzat jo du parlamentuan testigantza hori ematea, eta, aurretik bide luzea egiteko geratzen bada ere, zeregin horretan laguntzeko konpromisoa azaldu du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek ulertzen du ez dela erraza legebiltzarrean euren testigantza eman behar izatea, baina ezinbestekotzat jo du. «Mugimendu feministak esan ohi du izendatzen ez dena ez dela existitzen, eta torturari dagokionez, hala da. Elkartea sortzea bera bada zerbait». Garrantzitsutzat jo du, halaber, gizartearen aurrean torturaren inguruan egiten duen sentsibilizazio lana.

Ezkerrako Marisa de Simonen arabera, ez dago tortura justifikatuko duen ezer, «are gutxiago hori segurtasun indarrek egin dutenean». Beharrezkotzat jo du ikertzea.

Navarra Sumako Iñaki Iriarteren arabera, tortura «delitu larria da zuzenbide estatu batean», eta aitortu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako erresumaren aurka tortura kasuak ez ikertzeagatik egindako epaien inguruan «lotsa» sentitu duela. Haren ustez, beharrezkoa da protokoloak berrikustea bideoak jarriz edo zerbitzu publikoetako medikuen presentzia bermatuz polizia etxeetan.

Dena den, haren ustez, torturak ez du pentsarazi behar ETAren indarkeria justifikatuta zegoela eta Euskal Herrian gatazka bat egon dela. Haren ustez, gehiegikeriak egon badira ere, «legitimoa» izan da ETAren aurkako borroka.

PSNko Inma Juriok minarekiko errespetua azaldu du. Gaineratu duenez, «delitu batzuk eta biktima batzuk egon izanak ez du esan nahi beste biktima batzuk aitortuak ez izatea». Halaber, haren ustez, zuzenbide estatu batek ezin du ahalbidetu giza eskubideen urraketa, nahiz eta pertsona horri delitu larria egotzi.

Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek azaldu du torturaren errealitatea «isildua» izan dela, eta beharrezko ikusten du hura amaitzea. Nafarroan, uste du baliagarri izan daitekeela esparru horretan lan egiteko 2019ko motibazio politikoko biktimen legea.

Azken hitzak

Amaitzeko, Jorge Txokarrok errespetuzko tonua eskertu die alderdiei, eta alde positiboarekin geratzen dela nabarmendu du. Haren hitzetan, dena den, «saihetsezina den murru bat» dago: «Gure hitzaurrean ez dugu zuzenbide estatuaz hitz egin, zertarako sortu garen azaldu dugu. Legediak esaten badu egiaztatutako tortura kasu batzuk daudela, zer gertatzen da gainerakoekin? Testigantzak eta hitzak haizeak eramaten ditu. Froga falta dago. Nola gainditzen da harresi hori? Zenbat denbora iragan behar da horretarako?». Bide horretan, harresi hori gainditzen lagunduko duten baliabideak eskatu dizkie taldeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.