Finantza publikoak

Defizit eta zor arauak beste urtebetez ez ezartzea proposatu du Europako Batzordeak

«Beharrezkoa bada» bizkor erantzuteko tresnak eman nahi dizkie EBko estatu kideei, baina aurrekontu «zuhurrak» eskatu dizkie 2023rako.

Valdis Dombrovskis eta Paolo Gentiloni, gaur, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 23a
11:29
Entzun

Inflazio handiak eta Ukrainako gerrak Europako Batasuneko ekonomiei eman dien kolpeak beste urtebete atzeratuko du gastu publikoa kontrolatzen hasteko agindua. Egonkortasun Itunaren kontrol eta zigor prozedurak, pandemiaren hasieran etendakoak, 2023an ez, 2024an berrezartzea proposatu du Europako Batzordeak, Ukrainako gerra dela medio uste baitu estatu kideek aukera izan behar dutela gastua bizkor handitzeko, «beharrezkoa ikusten dutenean». Errusiak gasaren fluxua erabat etetea izan daiteke arrazoietako bat.

Baina, malgutasunarekin batera, mezu bat zabaldu nahi izan du Batzordeak. «Ez gaude barra librea proposatzen», ziurtatu du Valdis Dombrovskis lehendakariordeak, eta ideia hori garatu du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak: «Ez gaude proposatzen mugarik gabeko gastura itzultzea».

Neurri zehatzak

Bruselak azpimarratu du estatu kideek neurri zehatzetara bideratu behar dutela orain beren ahalegina, eta ez, pandemian bezala, «laguntza orokorretara». Ontzat jotzen dituen bi laguntza mota aipatu ditu: energia krisiaren kaltea txikitzeko laguntzak, eta gerratik ihes egiten dutenak jasotzera.

Horrenbestez, uztartzeko errazak ez diren bi eskaera egin dizkie Batzordeak estatu kideei: aurrekontu politika «zuhurra» izan behar dute, baina aldi berean gastu publikoa handitu behar dute trantsizio ekologikorako eta digitalerako, eta energia segurtasuna bermatzeko. Hori egiteko bidea ere aurreratu du: gastu korrontea, beste ataletara doana, «zorrotz» kontrolatu behar dute.

Aholkuak estatu kideei

Estatu kide bakoitzari aholku propioak egin dizkio Batzordeak. Espainiako eta Frantziako gobernuei egindakoak oso antzekoak dira, arazoak antzekoak direlako: defizit eta zor publiko handiak dituzte, eta langabezia handia, batez ere Espainiak. Horregatik, Madrili eta Parisi eskatu die 2023an aurrekontu politika «zuhurra» izatea, baina jarraitzea energiaren garestitzea gehien jasaten duten herritarrak eta enpresak laguntzen. 2023tik aurrera, berriz, zorra «modu jarraian eta sinesgarrian» gutxitzeko neurriekin hasi beharko lukete.

Frantziaren kasuan, keinu bat egin dio Emmanuel Macron lehendakariari, bat egin duelako haren asmoetako batekin: pentsio sistema erreformatzea, erregimen desberdinen arauak progresiboki bateratuz, haien zuzentasuna handitzeko eta jasangarritasuna bermatzeko».

Espainiako Gobernua ere pentsio sistema erreformatzen ari da, eta puntu batzuetan Bruselarekin talka egiten ari da. Pentsioen eguneratzea batez besteko KPIari lotu zuen, eta belaunaldien arteko ekitate tresna onartu, PPren erreformak jasotako jasangarritasun faktorea ordezkatzeko. Azken tresna horri buruzko zalantzak azaldu ditu Batzordeak, uste baitu ez duela balio pentsioen jasangarritasuna bermatzeko. Orain, Madrilekin negoziatzen ari da; 2023an Espainiak EBren funts gehiago jasotzea dago jokoan.

Erreformaren zain

EBko Ekonomia ministroen esku dago orain Bruselaren proposamena aztertzea. Onartzea espero da, ministroek beste gai arantzatsu bati heldu behar baitiote: Egonkortasun Itunaren beraren erreforma. Ohikoa den bezala, gobernuak zatiturik daude oraingo arauei eustea eta arau sinpleagoak eta errealistagoak jartzea eskatzen dutenen artean. Defizita baino, zorra da gakoa eztabaida horretan, koronabirusaren krisiak %60tik gora igo baitu estatu kide askoren zor publikoa, eta ezinezkoa egiten baitu hura nabarmen murriztea atzeraldi bat eragin gabe.

Europan gerrikoaren estutzea atzeratzeak ondorioak izango ditu Euskal Herrian ere. Izan ere, Bruselan irabazitako malgutasuna bere menpeko administrazioei ere ezartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta azken urteetan ez dizkie defizit eta zor mugak jarri Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Horri esker, aurrekontu hedakorrak egin ahal izan dituzte, eta ildo horretakoak izan daitezke 2023. urtekoak ere.

Edonola ere, superabitarekin itxi zituzten 2021eko aurrekontuak. Gasteizko administrazioak 602 milioi euroko superabita izan zuen, barne produktu gordinaren %0,84; Iruñekoan, berriz, gastuak 269 milioi euro txikiagoak izan ziren diru sarrerak baino, eta superabita BPGaren %1,3ra itzuli zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.