Gerra Ukrainan

Errusiako petrolioaren enbargoa blokeatzen jarraitzen du Hungariak

Datorren asteko goi bileran ere ez dute onartuko Moskuren aurkako seigarren zigor sorta. Bruselak dirua eskaini die itsasontziz hornitzerik ez dutenei, baina nahikoa ez dela erantzun dio Orbanek

Ust Luga petrolio-ontzi errusiarra, Norvegian. OLE BERG-RUSTEN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 24a
20:41
Entzun

Asteak daramatza Europako Batasunak Errusiaren aurkako seigarren zigor sorta negoziatzen, eta aste horietan guztietan ez du gainditu hasierako oztopoa: Hungariak ezetz dio, eta hura gabe ezin da zigorrik ezarri, aho batez onartu behar baitira.  «Egun gutxiren buruan» akordioa egon zitekeela esan zuen astelehenean Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroak, eta horrek gaur arloko arduradunek egindako bilerari buruzko espektatibak handitu zituen. Baina itxaropenak berehala birrindu ditu Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, Bruselara bidalitako gutunean eskatu baitu gaia ez aipatzea datorren asteko Europar Kontseiluan, alferrikakoa izango delako.

«Adostasunik ez dagoenez, kontrako ondorioa izan dezake. Geure barne desadostasunak nabarmenduko lituzke, desberdintasunak konpontzeko benetako aukera eskaini gabe. Hortaz, proposatu dut gaia ez jorratzea hurrengo Europar Kontseiluan», dio Orbanek Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteari igorritako eskutitzak. Auzia heldu den astean konponduko ez dela onartu du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, haren esanetan, «arazo teknikoak» ari direlako eztabaidatzen.

2.000 milioi euro

Hungaria ez ezik, Europa erdialdeko beste herrialde batzuek ere eragozpenak jarri dizkiote Errusiako petrolioaren bahiturari. Itsasorik gabeko herrialdeak dira, eta Sobietar Batasunaren garaian eraikitako Druzhba petroliobidetik hornitzen dira. Hau da, Errusiako petrolioarekiko erabateko mendekotasuna dute, eta horregatik eskatu izan dute enbargoa soilik ezartzea itsasontziz iristen den urre beltzari, eta petroliobideetatik iristen dena salbuestea.

Proposamen horrekin ez daude ados herrialde gehienak, Errusiaren gerrarako gastua finantzatzen laguntzea dakarrelako. Horregatik, Europako Batzordeak beste aukera bat jarri du mahai gainean. Joan den astean aurkeztutako RepowerEU planean 2.000 milioi euro baztertu ditu, horiekin eraikitzeko azpiegitura petrolioa EBko portuetatik Hungariara eta itsasorik gabeko beste herrialdeetara heltzeko.

Diru hori ez dela nahikoa esan du Hungariako Gobernuak. Peter Szijjarto Atzerri ministroak aipatu du hamabost eta hemezortzi milioi euro artean beharko lituzketela. Petroliobide berriak eraikitzeko ez ezik, Hungariako findegiak Errusiakoa ez den petroliora egokitzeko dirua behar du, petrolioak desberdinak baitira jatorriaren arabera.
Orbanek, bere aldetik, ohartarazi du Bruselak eskainitako dirua ez litzatekeela nahiko goiz iritsiko eta Hungariak «arazo serioak»izango lituzkeela Errusiako petroliorik gabe. Gainera, ez dago ados Bruselak dirua banatzeko hautatu duen sistemarekin: RFF Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsetik banatu nahi du dirua, eta Hungariak ezin du horretatik ezer jaso, ez duelako oraindik derrigorrezkoa den plana hitzartu Bruselarekin.
Enbargoaren datuak ere jokoan daude. Herrialde batzuek dagoeneko utzi diote Errusiako petrolioa erosteari, baina enbargo ofiziala 2023aren hasierarako utzi nahi du EBk. Bruselak eskaini die Hungariari eta Eslovakiari 2024 urtera arte itxarotea, eta 2024ko uztailera arte Txekiar Errepublikari.

Petrolioari buruz ados jartzea zein zaila den ikusita, estatu kide batzuek proposatu dute atal hori zigor sortatik ateratzea, eta beste neurriak indarrean jartzea. Horien artean daude banku gehiago ateratzea Swift ordainketa sistematik, Errusiako eliteetako kide gehiago sartzea zigortuen zerrendan, eta zigortuei EBn higiezinak erostea debekatzea.

Berreraikitzearen kostua

Gaurko bilera ez du esku hutsik amaitu Europar Kontseiluak, onartu egin baitzuen Ukrainako produktuek gutxienez beste urtebetez ez ordaintzea muga-zergarik EBn.

Eta beste gai bat mahai gainean jarri zuten: nork ordainduko duen Ukrainaren berreraikitzea.  Lituaniak, Letoniak, Estoniak eta Eslovakiak proposatu zuten Errusiari izoztutako ondasunak erabiltzea horretarako  —30.000 milioi euro, orain arte—. Errusiako banku zentralak EBn eta haren aliatuetan zituen erreserbak (300.000 milioi dolar) ere horretarako erabili nahi dituzte lau estatu kide horiek. Azken hori zaila dela erantzun die Europako Batzordeak, banku zentralen erreserbek beste izaera bat dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.