Hezkuntza

Jaurlaritzak onartu du itunpekoen ikasgelak osatzeko ratioak jaistea datorren ikasturtetik aurrera

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu ditu kontzertaziorako baldintza berriak: etapa hasieretan, 13 ikaslerekin gela bat osatu ahal izango da; orain 17 behar dira. 28 ikasletik gora dituzten taldeak bikoiztu egingo dira, eta 26 edo 27 ikaslerekin beste irakasle bat jarriko da, besteak beste.

Ikasgela bat, artxiboko irudi batean. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2022ko ekainaren 21a
13:09
Entzun

Eskola planifikazioaren zirriborroan aurreratu zuen norabidea Eusko Jaurlaritzak, eta gaur gobernu bileran onartu dituzte itunpekoen kontzertaziorako baldintza berriak. Itunpeko ikastetxeetan gela osatzeko beharrezkoa den ikasle kopurua murriztuko dute hurrengo ikasturtetik aurrera. 679,3 milioiko aurrekontua du 2022-2023rako neurriak. Egungo moduluen arabera egin dute kalkulua, eta litekeena da kopuru hori aldatzea, sailburuaren arabera. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eman ditu azalpenak gobernu bileraren osteko agerraldian. Bost neurri iragarri ditu. Lehena, gutxieneko ikasle kopurua murriztea etapa hasieretan. 17 ikasle behar dira gaur egun, baina datorren ikasturtetik aurrera 13rekin gela osatu ahal izango da. Bigarrenik, ikasgelak bikoizteko baldintzak egokituko dituzte. 34rekin bikoiztu daitezke egun, baina datorren ikasturtetik aurrera 28tik aurrera bikoiztu egingo dira. Eta 26 edo 27 ikaslerekin, beste irakasle bat jarriko dute. Hirugarrenik, udalerriko gela bakarra denean, 11 ikaslerekin osatuko da taldea. Laugarrenik, hezkuntza-konplexutasun indizeko kasuetan, 8 ikaslerekin osatuko da taldea, eta ikasleak 2 urteko gelan 18 izango dira, eta haur eta lehen hezkuntzan 23. Eta, azkenik, hezkuntza laguntzarako espezialistak eta hezkuntza osagarri programak ituntzea erabaki du. Datozen sei urteetarako irizpideak jarriko dituzte neurri horiek.

«Gertatzen ari diren aldaketak direla eta, hezkuntza sistema indartu egin behar da», Bildarratzek esan duenez, eta bide horretan kokatu ditu neurri berriak.

Bestalde, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk igandean egindako adierazpenei erantzun die Bildarratzek. Tellituk Jaurlaritzari egotzi zion planifikazioa egiteko orduan «bat-batean» gelak ituntzeko irizpidea aldatu duela, eta arriskuan jarri duela ikastola txikiek bizirik irautea, lerro bakarrekoentzat. Bildarratzek erantzun dio gobernua betetzen ari dela apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak emandako agindua. Esan du EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartutako hezkuntza akordioaren gainean ari direla lanean, eta ardatz horien gainean segituko dutela lanean. Gaur iragarritako neurriak zerrendatu ditu berriz ere, ratioen jaitsierak gela batzuei eustea ahalbidetuko baitu: «Ulertzen dut kezkatzea, jaiotza tasa doan bezala doalako. Horrek eragin handia izango du ikastetxe guztietan, sare publikoan zein itunpekoan. Kezka bada, baina segituko dugu ikastetxe guztien alboan, eskutik lanean». Eta gaineratu du patronal gehienekin «sintonia ona» dutela. Ekitatea eta bikaintasuna bilatzen segituko dutela esan du.

Sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeek diru laguntza jasotzen segituko duten galdetuta, 2022-2023ko ikasturtean baietz erantzun du, aurtengo urtarrileko dekretuaren gainean egin direlako hurrengo ikasturterako matrikulazioak, eta aurtengo urtarrilean akordiorik ez zegoelako gai horren gainean. Aldaketak, beraz, 2023tik aurrera etorriko dira. «Sexuaren arabera segregatzen duten zentroekin lanean hasiko gara beste era bateko erabakiak har ditzaten, egokitzen joateko LOMLOEk agintzen duena eta Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an onartutakoa betez joateko».

Bestalde, unibertsitateko eta goi mailako ikasketetarako bekak onartu ditu gobernu kontseiluak. 28,5 milioi izango direla esan du. Bildarratz: «Esleitutako diru kopurua handitu liteke, beharko balitz. Baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek jasoko dute laguntza». Iaz 10.600 ikaslek lortu zuten beka, eta aurten uztailaren 6tik irailaren 16ra egongo da irekita eskaera egiteko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.