Energia

Alemaniak gasa errazionatzeko beste urrats bat egin du

Errusiak %60 gutxitu du gas isuria Nord Stream 1 gasbidean, eta uztailean dena etengo duen beldur da. Bigarren mailako alerta izendatu du, eta hirugarrenarekin iritsiko dira errazionamenduak.

Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroa, gas erreserbak erakusten dituen grafko batekin. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 23a
16:18
Entzun

Gasa faltako zaion egunerako prestatzen jarraitzen du Alemaniak. Martxoaz geroztik lehen mailako alertan egon ondoren, gaur bigarren mailara igo du alerta hori, Errusiatik iristen zaion gasaren fluxua gutxitzen ari zaiolako. Hirugarren eta azkenarekin, Berlingo gobernuak eskubidea izango du gasa errazionatzeko: herritarrek eta ospitaleek, esaterako, jasoko lukete, baina industriak mozketak izango lituzke. Halako erabaki batek atzeraldia ekarriko lukeela uste dute ekonomista gehienek.

Gasa erruz erabiltzen du Alemaniak: bere argindar ekoizpenaren %15 lortu izan du ziklo konbinatuko zentralen bidez, etxebizitzak berotzeko energia iturri nagusietako bat da, eta industrian asko baliatzen dute produktu kimikoak, botikak eta metalak egiteko batik bat.

«Badakit ez dirudiela, baina gasaren krisialdian gaude», ziurtatu du Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministro berdeak. «Aurrerantzean, gasez eskas ibiliko gara. Prezioak oso handiak dira, eta gehiago handitzeko prest egon behar dugu», esan du. Esan eta egin: Habecken iragarpenaren ondotik, gasaren prezioak beste jauzi bat egin du Herbehereetako TTF gas merkatuan: 126 euroan zegoen gas tona, merkatua zabaltzean, eta 135 euroan, berriz, arratsaldearen hasieran.

Hirugarrena, gertu

Hirugarren maila hori gertu egon daitekeela uste du Alemaniak, kezka handiz ikusten baititu Nord Stream 1 gasbidearen mantentze lanak. Uztailaren 11n hamar eguneko geldialdi tekniko bat egitekoa da Gazprom gasbide horretan, eta Berlinen beldur dira haren ostean itxita iraungo ote duen.

Izan ere, bigarren mailako alarma Nord Stream 1en hornidura arazoek eragin dute. Baltikoaren azpian gasa garraiatzen duen gasbide horren trafikoa %60 murriztu du azken astean Errusiak, Kanadara konpontzera bidali duen konpresore matxuratu bat bueltan jaso ez duelako, bere aurkako zigor ekonomikoen ondorioz.

Erabakia «politikoa» dela ziurtatu du Alemaniako Gobernuak, besteak beste, Errusiak bazuelako Nord Stream 1etik igortzen ez duen gasa beste bide batzuetatik igorri, hala nola Polonia zeharkatzen duen Jamal gasbidetik edo Ukraina zeharkatzen duten Soiuz gasbideetatik. Azken horietan, baina, ez da handitu gas fluxua.

Alemania hornitu ahal izateko, bada beste gasbide bat ere (laugarrena), Nord Stream 2, baina hura balioztatzeko prozesua eten zuen Berlingo gobernuak Errusiak Ukraina inbaditu bezain laster.

Oraintxe bertan, uda hasiera izanik, ez dago gas hornidura arazorik Alemanian, haren kontsumoa asko apaltzen ari delako eta Errusiaz besteko bideetatik iritsitakoa nahikoa delako. Baina arazoa udazkenean edo neguan etorriko da, kontsumoa oraingoaren halako lau denean.

Hilabete epelak eta beroak erreserbak betetzeko erabiltzen dira, eta horretan ari da Alemania ere, %58 beteak baititu biltegiak. Baina helburua da irailaren 30erako %80ean egotea, eta Nord Stream 1etik ezer iristen ez bazaio, kostatuko zaio hori egitea.

Ikatza bueltan

Hori dela eta, igandean Habeckek berak iragarri zuen zentral termikoei baimena emango dietela ikatz gehiago erretzeko, eta horrekin konpentsatzeko, hain zuzen, erreko ez duten gasa eta abenduarekin desagertuko den energia nuklearraren ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.