Tortura

Torturaren biktimak aitortzeko eskatuko dute bihar Iruñean

Nafarroako Torturatuen Sareak deituta, manifestazioa egingo dute. Kultur arloko berrehun norbanako baino gehiagoren eta dozenaka eragileren babesa jaso du mobilizazioak.

Manifestaziora deitzeko eginiko prentsaurrekoa, apirilean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 24a
12:38
Entzun

Nafarroako Torturatuen Sareak deituta, manifestazioa egingo dute bihar Iruñean. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezpera baliatuko dute protestarako, eta lurraldeko tortura kasuen gaineko ikerketetan urrats gehiago egin daitezela eskatzeko. Deialdiak eragile ugariren babesa jaso du, baita kultura arloko berrehun norbanakok baino gehiagok ere. Manifestazioa autobus geltokitik abiatuko da, 18:00etan.

Sarea otsailean jarri zen martxan, «torturatuen sarea ehuntzen hasteko», eta erakunde publikoei eskatzeko biktimak «ofizialki aitortzeko urrats sendoak» egin ditzatela: 1960tik 1978ra arteko torturekin egin bezala, ikertu ditzatela ordutik gaur egun arte egindakoak ere, «hainbeste hamarkadatako inpunitatea amaitzeko». Nafarroako Gobernuaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak hilabete hasieran adjudikatu zuen lan hori, eta EHUko Euskal Kriminologia Institutuak egingo du ikerketa, Pako Etxeberriaren gidaritzapean.

Torturak jasandako nafarren errolda bat egiten ere hasi da sarea, eta maiatzean aurkeztu zituen lehen datuak, Nafarroako Parlamentuan. 1960tik 2014ra bitarte torturak jasandako 822 lagunen testigantzak bildu zituzten ordurako, eta 990 tortura kasu egiaztatu. Kopuruak gora egingo duela abisatu zuten, ordea: «Zoritxarrez, datu hori handituz joango da datozen asteetan».

Aurkezpenean, gogora ekarri zituzten Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka ezarritako zigorrak. Batetik, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik; bestetik, Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalezen kasuak ez ikertzeagatik. Era berean, torturen eraginez bi lagun hil direla ere nabarmendu dute: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa.

Nafarroako Torturatuen Sareak deitutako manifestazioan parte hartzera deituz, Tortura, demagun epe hori amaitu dela manifestua sinatu dute, beteak beste, Sarai Robles, Montxo Armendariz, Aitor eta Amaia Merino, Garazi Arrula, Abel Azcona Dora Salazar eta Kutxi Romero artistek. Nazioarteko zenbait sortzailek ere babestu dute mobilizazioa; tartean, Noam Chomsky eta Slavoj Zizek pentsalariek. Mobilizazioari atxikimendua eman dietenen artean daude arlo ugaritako dozenaka eragile ere. Tartean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Batzarre indar politikoak eta gehiengo sindikala daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.