AEB

AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidea indargabetu du

Epaileek baliogabetu egin dute Roe v. Wade deitzen dioten epai historikoa. Aurrerantzean, estatu bakoitzak izanen du auziaren gainean zer legedia zehaztu erabakitzeko eskumena; hiruk dagoeneko debekatu dute eskubidea.

Abortatzeko eskubidearen aldeko protesta Washingtonen, Auzitegi Gorenaren parean, atzo. MICHAEL REYNOLDS, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 24a
16:40
Entzun

Haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala bertan behera da Amerikako Estatu Batuetan. Azken asteotan zabalduak ziren zurrumurru eta susmoak baieztatu egin dira azkenik: Auzitegi Gorenak hala erabakita, indargabetu eginen dute eskubidea. Aurrerantzean, estatu bakoitzak izanen du auziaren gainean erabakitzeko eskumena.

Maiatz hasieran, zenbait hedabidek zabaldu zuten AEBetako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu gehienak haurdunaldia eteteko eskubidea baliogabetzearen alde zirela. Bada, egin dute bozka, eta horien iritzia izan da garaile: eskubidea bertan behera uztearen aldeko sei boto; hiru kontrako.

Ikusi gehiago: AEBetako Senatuak ez du onartu abortu eskubidea bermatzeko lege proiektua

Edonola ere, epaileen erabakiak ez du esan nahi abortatzea estatu guztietan denik legez kanpokoa. Bakoitzak erabakiko du legezkoa izango den, eta zer egoeratan. Hala eta guztiz ere, alarmak piztuak dira: susmoa dago 50 estatuetatik 26tan eginen dutela eskubidea indargabetzearen alde. Hau da, estatuen erdiek isunak edo bestelako zigorrak ezartzeko asmoa dute, haurdunaldia eteteko urratsak egin nahi dituztenei kontra egiteko.

Are, hiru estatuk dagoeneko eman dute pausoa, eta debekatu egin dute abortatzeko eskubidea: Kentuckyk, Louisianak eta Hego Dakotak. Hiru horien kasuan, debekuari bide emateko legeak lehendik zeuden onartuta, eta, beraz, Auzitegi Gorenaren erabakiarekin batera ezarri da aldaketa legedian. Halaber, Idaho, Tennnessee eta Texas estatuetan ere bertan behera geldituko da eskubidea, baieztatu dutenez. Ordea, debekua hemendik 30 egunera sartuko da indarrean.

Arinduak eta minak

Erabakia hartu bezain laster hasi dira, errenkadan, erreakzioak ozentzen. Esate baterako, Ordezkarien Ganberako errepublikanoen lider Kevin McCarthyren esanetan, Gorenaren erabakiak «ezin konta ahala bizitza errugabe salbatuko ditu».

Kontrara, abortatzeko eskubidearen aldeko borrokan lan egiten duen Guttmacher institutuak gogor kritikatu du epaileek harturiko erabakia. Argitaratu dutenez, «eskubidea indargabetzeak ziurgabetasuna eta mina dakarkie beren gorputzaren gainean erabakitzeko oinarrizko eskubidea baliatu baizik egin nahi ez dutenei».

AEBetako fiskal nagusi Merrick B. Garlandek ere gaitzetsi egin du auzitegiaren erabakia. «Sekulako kolpea da ugaltzeko askatasunarentzat AEBetan». Garlandek nabarmendu du ebazpenak eskubideak urratzen dizkiela emakumeei, eta eten egin duela auzitegiek aurrekariak errespetatzeko orain arte ezarri duten printzipioa. Gaineratu du Justizia Departamenduak osasun langileak eta herritarrak babestuko dituela kliniken inguruetan jazarpena egiten badiete abortua legezkoa den estatuetan.

Hain zuzen, azken hilabeteotan milaka lagunek hartu dute parte abortatzeko eskubidea defendatzeko mobilizazioetan. Protesta horietako batean izan zen BERRIAko kolaboratzaile Urtzi Urrutikoetxea kazetaria. Ikusi orduan ondutako bideoa, hemen:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.