Kontsumo prezioak

Inflazioa zabaltzen ari da, eta %10 ingurura iritsiko da ekainean

Erregai, elikagai eta ostalaritza garestiagoen bidez, Espainian %8,7tik %10,2ra igaro dela azaldu du INEren datu aurreratuak. Azpiko inflazioa %5,5era igo da.

INEren arabera, elikagaien izan dute pisu handiena inflazioaren gorakadan, erregaiekin batera. VICTOR LERENA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 29a
10:25
Entzun

Bigarrenean, baliteke. Martxoan, bi zifrara iristeko atarian geratu zen inflazioa Hego Euskal Herrian, %9,6ra heldu baitzen, azken hiru hamarkadetako kopururik handienera. Ekainean %10eko muga gainditu duen ala ez uztailaren 13an argituko du INEk, baina estatistika erakundeak gaur Espainiarako emandako datu aurreratuak horren inguruan egongo dela iradokitzen du. %10,2ra iritsi zen ekainean Espainian, hilabete bakar batean puntu eta erdiko jauzi ikusgarria egin ondoren.

Egia da azken hilabeteetan Hego Euskal Herrian prezioen igoera Espainiakoaren hamarren gutxi batzuk beherago izan dela, eta horrek ekar dezakeela azkenean bi zenbakiko inflaziora ez iristea. Baina joeran ez dago aldaketarik: beste sektoreetara hedatzen ari dira gasak argindarraren prezioan eragindako garestitzea eta Ukrainako gerrak petrolioaren merkatuan eragin duen eskasia. Enpresak garraio eta ekoizpen kostuen igoera beren produktu eta zerbitzuen prezioetara eramaten ari dira.

Inflazioaren zabaltzearen erakusgarri da azpiko inflazioa %5,5era iritsi dela Espainian. Hau da, produktu gorabeheratsuenak kenduta ere —elikagai freskoak eta energia—, prezioen igoera handia dela, batez ere kontuan hartuta inflazio negatiboko edo oso apaleko aro luze batetik datorrela eurogune osoa.

INEk nabarmendu duenez, bi izan dira ekaineko igoeraren arduradun nagusiak: erregaiak duela urtebete baino askoz gehiago garestitu direla, eta elikagaien eta edari ez-alkoholdunen prezioa ere asko handitu dela. Hirugarren faktore bat ere aipatu du INEk, ostalaritza. Duela urtebete, pandemian galdutako bezeroak berreskuratzen hasi ziren hotelak, jatetxeak eta tabernak, eta prezioak egonkor zeuden; baina, orain, bertako bezeroak ez ezik turistak ere asko ugaritu direnez, prezioak handitzen dira ostatuetan.

Lau puntu handiagoa

Inflazio handiak «egoeraren larritasuna» erakusten duela onartu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, baina ziurtatu du bere gobernuak hartutako neurriengatik ez balitz inflazioa lau puntu handiagoa izango litzatekeela.

Neurri horietako bat izan da argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko prezio bat jartzea —40 euro, orain—. Ekainaren 15ean jarri zen indarrean, eta lehen egunetan ez zuen eragin handirik izan, beroaldiak argindar kontsumoa asko handitu zuelako eta eolikoek ekoizterik izan ez zutena gas garestiak ekoitzi behar izan zuelako.

Ondorioz, ekainean, 215 euroan ordaindu dute argindar megawatt ordua tarifa arautuan daudenek, kopuru handienetan hirugarren, abenduaren (239 euro) eta martxoaren (283 euro) ondoren. Efe agentziak bildutako datuen arabera, argindarra merkatzeko tresna izan ez balitz, 274 eurora iritsiko zatekeen megawatt-ordua, hau da, %15,6 garestiago. Azken egunotan hasi da pixka bat gehiago antzematen tresnaren eragina. Gaur, esaterako, 193 euroan ordainduko da megawatt ordua, eta tresna izan ez balitz, 277 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.