Gerra Ukrainan

Luhansk eskualde osoa kontrolpean duela jakinarazi du Errusiak

Lisitxansk hiria eta inguruak bereganatu ondoren egin du iragarpena Sergei Xoiguk Defentsa ministroak.

Errusiako armadaren helikoptero bat, artxiboko argazkian. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTEOA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 3a
19:00
Entzun

Ukrainako inbasioaren 130. eguna da gaurkoa, eta Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak jakinarazi du Lisitxansk hiria bere egin dutela, eta horrekin kontrolpean duela Errusiak Luhansk eskualde osoa. Gaur 183 kilometro koadro bereganatu dituela gaineratu du. Ukrainako Gobernuak dio Lisitxansk ez dela erabat erori, eta Donbassen borrokak ez direla amaitu. Luhansk Ukraina mendebaldean independentzia aldarrikatu zuten bi herri errepubliketako bat da, Donetskekin batera. Errusiak inbasioa hasi baino hiru egun lehenago aitortu zien independentzia.

Vladimir Putin Errusiako presidenteari eman dio azken mugimendu horren berri Xoiguk. Azaldu dio soldadu errusiarrak eta Luhanskeko herri errepublikako soldaduak Lisitxansken sartu direla eta hiria eta inguruko herriak bereganatu dituztela. Sievierodonetsken ondoan dago Lisitxansk. Beste hiri horretatik duela hamar egun erretiratu ziren soldatu errusiarrak, eta hori kontrolpean hartuta jarri ziren errusiarrak Lisitxanskera bidean.

Lenoid Pasetxeknik Luhanskeko herri errepublikako buruak Telegramen zabaldu duen mezu batean dio gaurko eguna gorriz margotuta geratuko dela, «zortzi urtez borroka egin ondoren». «Festa honek ere, 1945ekoak bezala [naziak menperatu zituzteneko urtea], negar eragiten digu pozaren pozez».

Ordu batzuk lehenago, Xoiguk esan du Errusiako eta herri errepublikako soldaduak hiri barruan ari zirela borrokan, eta garaipena lortzear zirela. Atzo zabaldu zituzten bideo batzuetan ikus zitezkeen jada haien banderak hiriko erakundeen eraikinetan. Juri Sak Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaileak, ordea, ukatu egin du Errusiak eta Luhanskeko soldaduek hiria erabat kontrolpean dutenik, eta iradoki du soldadu ukrainarrak beste posizio batzuetara erretiratu direla. «Ukrainarrentzat, pertsonen biziak du lehentasun erabatekoa, eta batzuetan atzera egiten dugu, geroago kokapen horietara itzultzeko», adierazi du Sakek.

Edonola ere, Donbassko borroka ez dela amaitu azpimarratu du Ukrainako bozeramaileak. Pavlo Kirilenko probintzia horretako gobernadorearen hitzetan, Ukrainak oraindik Luhansken eta Donetsken %45 kontrolatzen du. Gaur, Errusiak Sloviansk bonbardatu du: Kramatorskekin batera Ukrainak Donetsken kontrolatzen duen hirigune handiena da. Erasoan sei pertsona hil dira. Kramatorski ere eraso egin dio Errusiak gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.