ERRESUMA BATUA

Gero eta hesituago egon arren, Johnsonek adierazi du «aurrera» egingo duela

Erresuma Batuko lehen ministroarekin bat egiten ez dutenez, gobernuko 30 bat kidek dimititu dute azken bi egunetan. Tory kritikoek alderdi barruko beste zentsura mozio bat bultzatu nahi dute.

Boris Johnson, gaur, Erresuma Batuko Komunen Ganberan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 6a
16:45
Entzun

Boris Johnson gero eta hesituago dago. Izan pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik; izan duela hilabeteko barne zentsura mozioan ikusi zelako Alderdi Kontserbadorearen diputatuen erdiak, %41 hain zuzen, kontra dituela; izan hedabideek kaleratu dutelako eta Johnsonek onartu duelako Chris Pincher izan Komunen Ganberako toryen talde parlamentarioko bigarren arduradun aukeratu zuela, nahiz eta bazekien sexu jazarpenagatik maiz salatua izan dela; eta izan, azkenik, gobernuko kideak dimititu eta dimititu ari direla. Hori guztia kontuan hartuta ere, Erresuma Batuko lehen ministroak «aurrera» jarraitzeko asmoa du. «Agindu ikaragarri bat eman zaionean [2019ko hauteskundeetan toryek lortutako emaitzengatik], aurrera jarraitzea da lehen ministro baten egitekoa egoera zaila denean. Hori egingo dut».

Mezu bera errepikatu die Downing Streetera lehen ministroarekin biltzera joan diren ministroei. Batzuk babesa agertu diote agintean jarraitzeko, besteek kargua uzteko galdegin diote, zentzuzkoena delakoan. Baina Johnsonek ez du gobernua uzteko asmorik. Erresuma Batuko hedabideek argitaratu dutenez, ministroei esan die dimisioa emanez gero hauteskundeak deitzeko presioa handituko dela, eta behartutako boz batzuetan galtzaile irtengo dela Alderdi Kontserbadorea. Alderdi Laboristaren eta SNP Eskoziako alderdi independentistaren arteko balizko koalizio baten gaineko kezka ere agertu die, iturri horien arabera. Ikusteko dago jarrera horren aurrean ministro gehiagok dimisioa aurkeztuko duten ala gobernuan jarraitzea erabakiko duten.

Aurretik, kontrol saioan mintzatu da gaur Johnson, Komunen Ganberan, eta dimisioa eman dezala eskatu diote oposizioko kideek. Baina, batez ere, Sajid Savid atzo arte Osasun ministroa izandakoak egin du lehen ministroaren aurka. Dimisioa aurkeztu zuen atzo, eta, hori jakinarazteko gutunean bezala, gaur ere kargua uzteko eskatu dio Johnsoni. «Ondorioztatu dut arazoa goi-goian hasten dela», egotzi dio. «Balioak eta jarrerak» izan ditu hizpide, eta gobernuko kideak «kontzientziaz» jokatzera deitu ditu. «Norabide honi jarraitzen badiogu, ez dakit hurrengo belaunaldiek Alderdi Kontserbadorea nola ikusiko duten; oso kezkatuta nago horrekin».

Gobernuko kiderik nabarmenenetako bat zen Savid. Dimisioa eman zuen atzo, eta ia-ia aldi berean gauza bera egin zuen Rishi Sunak Ekonomia ministroak ere, «seriotasun» gabezia leporatuz Johnsoni. Azken 24 orduetan gobernuko beste 30 bat kidek dimititu dute, nahiz eta horiek maila apalagoko karguak zituzten. Gaur dozena bat inguruk hartu dute erabaki hori, eta horietako bostek gutun bateratu bat sinatu eta argitaratu dute. «Argitara atera diren arazo guztiak aintzat hartuta, gero eta argiago geratu da gobernuak ezin duela funtzionatzen segitu», nabarmendu dute, besteak beste.

«Egun handia»

Baina Johnsonek ez du kargua uzteko asmorik, nahiz eta zenbait hedabidek argitaratu duten beste ministro batzuek ere badutela berekin biltzeko eta dimititu dezala eskatzeko asmoa. Kontrol saioaren hasieran azpimarratu du Johnsonek «egun handia» dela gaurkoa, «azken hamarkadako zerga murrizketarik handiena» ezarri asmo duelako. Saioa amaituta, lehen ministroaren prentsa idazkariak adierazi du Johnson prest dagoela alderdi barruko beste konfiantza mozio bati aurreko egiteko, eta lehen ministroak berak pentsatzen duela irabazi egingo duela, gainera.

Bloomberg berri agentziak toryen iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Johnsonen dimisioa eskatzen duten Alderdi Kontserbadoreko diputatuek datorren astean egin nahiko lukete beste bozketa bat. 1922 Batzordeak deitu behar du horretara —gobernuan ez dauden diputatu toryak biltzen ditu batzorde horrek—, arautegiak zehazten duenez, diputatu toryen %15ek hala eskatuta. Arautegiak zehazten du, gainera, azkena egin zenetik urtebete igaro arte ezin dela beste zentsura mozio bat egin. Ekainaren 6an izan zen aurrekoa. Nolanahi ere, arautegi hori aldatu daiteke taldeko zuzendaritza aldatuz, esaterako, eta horrenbestez, beste bozketa batera deitu.

Lehen ministroa ahalegindu da azken asteetan brexit zalerik gogorrenen babesa biltzen, beste bozketa posible bat irabazteko eta aurrera jarraitzeko. Horretarako, esaterako, Ipar Irlandarako Protokoloa alde bakarrez erreformatzeko lege proiektu bat aurkeztu du Komunen Ganberan. Agindutako zerga murrizketaren bidez, gainera, diputatu tory liberalenen botoak arrantzatu nahi ditu. 2025eko urtarrila baino lehen egin beharko dituzte hurrengo hauteskunde orokorrak Erresuma Batuan.

Erreferendumari ezetz

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak erantzun dio Nicola Sturgeon Eskoziakori ez dagoela ados 2023ko urriaren 19an independentzia erreferendum bat egitearekin. Sturgeonek argitaratutako gutun batean esan dio ez dela horretarako unea, 2014ko galdeketan argi geratu zela iritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.