Ezbeharra

Jadanik bederatzi dira Dolomitetako glaziarrean hildakoak

Erreskate zerbitzuek bi desagerturen gorpuak aurkitu dituzte Marmolada glaziarraren inguruetan.

Erreskate zerbitzuen helikoptero bat Dolomitetako Marmolada glaziarraren gainean, astelehenean. ANDREA SOLERO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 6a
19:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako Alpeetan, Dolomitetako Marmolada glaziarraren zati bat jausi izanaren ondorioz, bederatzi dira gutxienez hildakoak. Italiako agintariek zazpi pertsonaren heriotza baieztatu zuten hasieran –hiru italiar eta txekiar bat identifikatu dituzte oraingoz–, eta hamahiru desagerturen berri eman zuten –hamar italiar eta hiru txekiar–. Gaur, desagertu horietako biren gorpuak aurkitu dituzte.

Erreskate zerbitzuak helikopteroekin eta droneekin ari dira desagertutakoen bila. Adierazi dutenez, arriskutsuegia da ingurura bertara oinez joatea. Ez dute baztertzen Dolomitetako glaziarrik handienaren beste zati bat jaustea.

Gaur aurkitu dituzten gorpuak ez dituzte identifikatu oraindik, baina mendizale talde bereko bi kide direla uste dute erreskate taldekoek, Italiako zenbait hedabideren esanetan.

Punta Rocca tontorretik gertu izan zen ezbeharra, eta bete-betean harrapatu zuen tontorrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea; ondorioz, hainbat mendizale harrapatu zituen azpian. Lekukoen arabera, glaziarra bitan zatitu da, eta 300 metro zabal zen izotz geruza bat jausi da, bidean harrapatzen zuen guztia aurrean eramanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.