Unibertsitateak

Unibasqen aldeko txostenak jaso dituzte Euneiz unibertsitate pribatu berriaren lau graduek

Gasteizen egongo den unibertsitate pribatu berriak irekitzeko eta martxan jartzeko baimena eskuratzea baino ez du falta irailaren 15ean eskolak ematen hasi ahal izateko.

Euneiz unibertsitate pribatuaren eraikina, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 12a
13:33
Entzun

Gasteizen irailean ireki asmo duten Euneiz unibertsitate pribatuak beste urrats bat egin du: Eusko Jaurlaritzaren Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak baiezkoa eman die eskaini nahi dituzten lau graduei. Behin baimen hori izanda, datozen egunetan irekitzeko eta martxan jartzeko baimena eskuratzea espero dute, unibertsitateak ohar bidez azaldu duenez. Horrekin nahikoa izango dute eskolak ematen hasteko.

Proiektuak mesfidantza eragin du hainbat sektoreren artean, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Unibasqek berak ere txosten bana egin zuten Euneizen aurka. Finantzaketak ere zalantzak eragin ditu, baina unibertsitatearen sustatzaileek Eusko Legebiltzarrean ziurtatu zuten ez dutela diru publikorik jasoko.

Unibertsitate pribatuaren sorrera Josean Kerejeta enpresariak eta bere Baskonia-Alaves kirol taldeak bultzatu du, eta Jordi Roche izango da presidentea. Irailaren 15ean zabaldu nahi dituzte ateak, lau gradurekin: Multimediako Gradua, Entretenimenduaren Industriarako Musika Ekoizpen eta Soinu Gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Fisioterapiako Gradua. Orotara, 180 leku izango dituzte, eta, sustatzaileen esanetan, aurrematrikulak «oso ondo» doaz, «hasierako espektatibak» gaindituta. Salburua auzoko Vital eraikinean egongo da, bi fakultatetan banatuta —Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatea eta Osasun Zientzien Fakultatea— .

Hizkuntzari dagokionez, Rochek Eusko Legebiltzarrean ziurtatu zuen euskararen gaineko «konpromisoa» dutela. Haren hitzetan, ikasleek euskaraz ikasteko aukera izango dute, betiere hautu hori gutxienez hamabost lagunek egiten badute.

Eusko Legebiltzarra, banatuta

Unibertsitateak joan den azaroan jaso zuen ateak irekitzeko Eusko Legebiltzarrek eman beharreko baiezkoa. Alderdi politikoak zatituta agertu ziren: EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek alde bozkatu zuten; aldiz, kontra egin zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.