Bero oldea

Pertsona bat hil da Amoroton, beroagatik

Tenperaturek markak hautsi zituzten atzo. Osakidetzak 184 larrialdi dei izan ditu azken egunetan tenperatura beroengatik, eta kaltetuetako 83 ospitalean artatu behar izan dituzte. Sute bat piztu da Areson, baina suhiltzaileek kontrolpean dute jada.

Bero oldeak Bilbon utzitako tenperaturak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 19a
12:45
Entzun

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu du pertsona bat hil dela azken egunetako bero oldea dela eta; Amoroton hil zen. Osakidetzak 184 larrialdi dei izan ditu azken egunetan tenperatura altuengatik, eta horietako 83 ospitalean artatu behar izan dituzte, 23 osasun zentroetan, eta gainontzekoak ez dituzte inora eraman behar izan. 83 horietatik hamabost Araban izan ziren, 48 Bizkaian, eta hemeretzi Gipuzkoan.

Ikusi gehiago:Sutea piztu da Areson, baina suhiltzaileek kontrolpean dute jada

Igandean jaso zituzten dei gehien, 45. Astelehenean erregistratu ziren tenperatura altuenak, baina arratsaldean nabarmen egin zuen behera beroak, eta guztira 35 dei jaso zituen Osakidetzak. Larunbatean, berriz, 33 izan ziren larrialdi zerbitzuek jasotako deiak.

Azken urteetako beroaldirik gogorrena izan dela adierazi du Zupiriak, eta piztuta dauden alertak bihar utziko dituzte bertan behera. Hala ere, Osakidetzak joan den astean emandako gomendioei kasu egiten jarraitzea aholkatu du, haurrei, adinduei eta gaixotasun kronikoak dituztenei batez ere. Gomendioen artean, hauek dira garrantzitsuenak: ur asko edatea, kafeina duten edariak saihestea, barazki eta fruta gehiago jatea, gantz gehiegi duten jakiak ez jatea, pertsianak jaistea, gorputza freskatzea, kalean eguzkipean denbora asko ez ematea, eta bero handiena egiten duenean esfortzu fisiko handirik ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.