Energia

Alemaniari gas gutxiago bidaliko dio Errusiak

Etzitik aurrera, Nord Stream 1 gasbidearen fluxua erdira murriztuko du Gazpromek, arrazoi teknikoak argudiatuta.

Gazpromen egoitza nagusia, San Petersburgon. ANATOLI MALTSEV / EFE
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 25a
18:34
Entzun

Alemaniaren susmorik txarrenak ez ziren bete, eta, hilaren 21ean, Nord Stream 1 gasbideko iturria berriro ireki zuen Gazpromek, mantentze lan batzuk bukatuta. Atzo bertan, Errusiako Gobernuak ziurtatu zuen ez zuela interesik Alemaniari eta Europako Batasuneko beste herrialdeei gasa bidaltzeari uzteko.

Baina hitzak batetik doaz, eta ekintzak bestetik. Adierazpen horiek egin eta ordu gutxira, Gazpromek jakinarazi zuen etenaren aurretik baino gas gutxiago bidaliko duela etzitik aurrera: egunean 33 metro kubiko gas bidaliko ditu, oraingoaren erdia, eta Nord Stream 1 gasbidearen gaitasunaren %20 baizik ez.

Errusiako gas konpainia publikoak adierazi du arrazoi teknikoengatik egingo duela hori. Haren arabera, gasa Errusiatik hegoaldera garraiatzeko behar den turbina bat geratu beharko du.

Arrazoi hori bera eman zuen ekainean gasaren hornidura %40ra jaisteko. Siemensen turbina bat hondatu zela eta Kanadako Gobernuak blokeatuta zeukala argudiatu zuen orduan. Moskuri aitzakiarik ez emateko, Alemaniak Kanadari eskatu zion turbina Errusiara eramateko, eta hark baiezkoa eman zuen.

Gazpromek, ordea, oraindik ez du jaso turbina hori, eta ez dirudi aurki egingo duenik. Izan ere, turbina berreskuratzeko jaso dituen dokumentuak ez zaizkio nahikoak iruditu, ez diotelako bermatzen konpontzera bidal ditzakeen makina gehiago Mendebaldean blokeatzea, zigorren ondorioz.

Alemaniako Gobernuak adierazi duenez, Nord Stream 1etik irits daitekeen gasaren %20 soilik eskuratzen badu, irailaren amaierarako ez du izango biltegiak %80 betetzerik, eta ukatu egin ditu Gazpromek emandako arrazoi teknikoak.

Gazpromen iragarpenak gasa hamar euro garestitu du minutu gutxian Herbehereetako TFF merkatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.