Euskararen ezagutza gehiago baloratzea proposatu dute Behatokiak eta Kontseiluak

Zuzenketak aurkeztu dizkiote Nafarroako Gobernuak proposatutako euskararen merezimenduen dekretuari «bazterketa arintzeko asmoz». Adibidez, marra gorri gisa, artikulu bat erantsi dute gutxienez euskararen ezagutza ez dadin inoiz izan «gainerako hizkuntzen ezagutzaren batura baino apalagoa»

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Paul Bilbao. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko uztailaren 26a
13:18
Entzun

Sanferminak hasi ziren egunean bertan, Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Departamenduak merezimenduen dekretua aurkeztu zuen eta gaur arteko epemuga jarri zuen eragileek ekarpenak egin ditzaten. «Gogor deitoratzen dugu uztailaren 6an kaleratzeak asmo politiko argia duela eta herritarren arteko eztabaida saihestu nahi dela horrela», kritikatu du Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Hain justu ere, Kontseiluak eta Behatokiak zuzenketak aurkeztu dizkiote dekretuari. Proposamenak erregistroan sartu aurretik, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak deitoratu du gobernuaren azken dokumentuak ez duela aldaketa nabarmenik egiten urtarrilean aurkeztutako zirriborroarekin alderatuta. «Atzerapausoak ekarriko ditu eta ez dago benetako borondaterik dekretu berdinzale bat egiteko. Gobernuak aukera bat galdu du», gaitzetsi du.

Bilbaok gogora ekarri du gaur egun Hezkuntza Departamenduko irakasleen postuak aintzat hartu gabe funtzio publikoko lanpostuen %3k baino ez duela euskararen derrigorrezko ezagutza. Horren aurrean merezimenduen dekretuak bere mugak ditu, besteak beste hizkuntzen ezagutza baloratzen duelako hiru deialdi motatan: oposizio lehiaketak, lekualdatze lehiaketak eta mailaz igotzekoak. «Dekretu honek ez du konponbide osorik emango baina euskara modu egokian baloratzeak lagundu dezake hizkuntz eskubideak bermatzeko», esan du Bilbaok.

Proposamena

Euren proposamenetan, Kontseiluak eta Behatokiak besteak beste artikulu bat txertatu dute. «Marra gorria» dela deritzote, euskararen ezagutza gutxienez atzerriko beste hizkuntzen azpitik baloratu ez dadin: «Artikulu horren arabera, euskararen ezagutza ez da inoiz beste hizkuntzen ezagutzaren batura baino apalagoa izango eta hori lanpostu guztiei aplikatu beharko zaie».

Bilbaok zehaztu duenez, adibidez, eremu ez-euskaldunean, euskara ez bada balorotzen gainerako hizkuntzarik ere ez da baloratuko. Era berean, «gainerako hizkuntzak baloratu nahi baditu, orduan bai ala bai euskara baloratuko du gainerako hizkuntzen balorazioaren batura baino balorazio duinagoa emanez».

Gainera, dekretuak araututako deialdietako lanpostu guztietan euskararen ezagutza «gehiago» balioestea proposatu dute. Bilbaoren arabera, jabetzen dira 1986ko Euskararen Legeak zehaztutako legediak zaildu egiten duela eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza baloratzea.

Hala, zuzenketa guztietan bi aukera eskaintzen dizkiote gobernuari: «Bustitzea edo ez bustitzea». Alegia, eremu ez euskaldunean euskararen ezagutza aintzat hartzen da aukeretako batean eta bestean ez. «Hori da gure proposamenaren muina. Eremu mistoan eta euskaldunean beste portzentaje batzuk eskaintzen ditugu eta hor ikusiko da gobernuaren benetako borondatea. Askotan argudio juridikoa aitzakia gisa erabiltzen duela uste dugu».

Hemendik aurrerakoa

Behin ekarpenak eginda, dekretua Euskararen Nafar Kontseiluan aztertuko da. Irailean dira biltzekoak eta gai-ordenean ez bazegoen ere, Kontseiluak eta Behatokiak proposamenak aurkezteak behartu egiten du legez gaia aztertzea. Euskararen Nafar Kontseiluak ebazpen ez-loteslea aurkeztuko du. Euskarabidearen parte hartze organoa da Kontseilua, eta bertan ordezkaritza dute euskalgintzako eta Nafarroako gizarteko eragileek. Kontseiluak eta Behatokiak ordezkaritza dute bertan eta euren desadostasuna agertuko diote dekretuari.

Kontseiluaren ostean, Parlamentuan aztertuko da auzia. Horren aurrean Gaubekak dei berezia egin die parlamentu taldeei. Gaubekaren arabera, talde gehienek onartu dute adierazpenen bitartez hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen departamenduetan eta oro har gobernuak «zailtasun bereziak» dituela euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak eskaintzeko. Gaubekaren arabera, urraketa horien aurka neurriak hartu ordez «behin betikotu» egiten dira eta ondorioz, taldeei eskatu die horren aurka egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.