Euskal presoak

Bakegileek larunbateko ekintzen balorazio «biziki positiboa» egin dute

Hala ere, ohartarazi dute balantzea «osoki baikorra» izango dela Jakes Esnal eta Ion Parot beranduenez irailaren 22an askatzen badituzte. Presoak askatzeko keinurik ez badago, protesta gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Bakegileen blokeatze bat, joan den larunbatean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 27a
13:13
Entzun

Bakegileek erdiz erdi blokeatu zuten Ipar Euskal Herria larunbatean, eta oihartzuna izan zuten euskal presoen etxeratzearen aldeko desobedientzia ekintza horiek. Izan ere, 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta hamabost gune «estrategiko» blokeatu zituzten. Mobilizazioaren balorazio «biziki positiboa» egin dute antolatzaileek. Besteak beste, determinazioaren indarra erakutsi dutelako «axolagabekeriaren aitzinean, elkortasunaren aitzinean eta Estatuaren mespretxuaren aitzinean», eta ikusi delako lurralde oso batek eta bertako herritarrek «uko» egiten diotela pasibo egoteari bi presok jasaten duten «injustizia» dela eta.

Horrez gain, nabarmendu dute blokeatzeen koadro baketiarra «osoki errespetatua» izan zela. Era berean, blokeatu zituzten puntu guztietan prestakuntza «zehatza» egin zutela adierazi dute, eta horri esker arrisku guztiak saihestu zituztela. Parte hartzaileen segurtasunari dagokionez, iragarpen ezberdinak aurreikusi zituztela azaldu dute, eta Frantziako Estatua jakinaren gainean jarri zutela prefetaren bitartez.

Ikusi gehiago:Parisen erantzunaren beha

Eric Spitz prefetak legez kontrakotzat jo zuen blokeatzea, eta zigorrak iragarri zituen parte hartzaileentzat. Bakegileek, baina, nabarmendu dute antolatzaileek eta parte hartzaileek arriskatzen zituzten zigor judizialak eta ekimenaren beraren debekuak ez zituela bertaratutakoak atzerarazi: «Parte hartu duten 1.700 pertsonetatik bakoitzak egin du desobedientzia zibilaren hautua, kontzientzia eta ardura osoz, bake prozesuaren geldotzeari aurre egin nahian».

Ekintzetan parte hartu zuten 26 pertsona atxilotu zituzten, eta arratsean aske utzi, aurrerago egingo zaien deialdi judizialaren zain. Antolatzaileek haien «kuraia eta engaiamenduaren kalitatea» goratu dute, eta iragarri dute biziko dituzten «momentu judizialetan» Bakegileek emango duten erantzunak izango direla orain arte egin duten «mobilizazio osoaren parekoak».

Ikusi gehiago:Blokatzeetan atxilotutako 26 ekintzaileak aske dira

Hala ere, Bakegileek ohartarazi dute balantzea ez dela «osoki baikorra» izango Jakes Esnal eta Ion Parot irailaren 22a baino lehen askatzen ez badituzte. Gogorarazi dute 71 urte baino gehiagoko zigorra dutela bi presoek, eta 32 urte baino gehiago daramatzatela preso. Horrez gain, azaldu dute kondenen aplikaziorako epaileak baldintzapeko askatasunaren alde egiten duela, baina terrorismoaren kontrako prokuradoreak «sistematikoki» uko egiten diola erabaki horri. «Ez dugu pentsatu nahi nola buka daitekeen preso hauen egoera; are gehiago, Korsikan gertatu dena ikusirik», adierazi dute.

Ikusi gehiago:Esnal eta Parot askatzearen kontra egin du fiskaltzak

Horiek horrela, datozen bi hilabeteetan Esnal eta Paroten libratzearen aldeko keinurik ez badago, iragarri dute beste protesta mota batzuk abian jarriko dituztela. Bakegileen arabera, ekintza horiek «crescendo» joango dira, eta ikusgarriak eta politikoki eta mediatikoki herritarrekin adostutakoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.