Energia

Alemaniak berriro ireki du ikatz bidezko zentral termiko bat

Gasa aurreztearren martxan jarri duten lehen zentrala da. Hamar egunean, gas biltegietako erreserbek %6,2 egin dute gora.

Datteln 4 ikatz bidezko zentral termikoa, Dattelnen. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 1a
13:13
Entzun

Ez dute beste irtenbiderik izan Alemanian, erabakia «mingotsa» bada ere. Iragan ekainean, Rocher Habeck Alemaniako Ekonomia ministro berdeak iragarri zuen zentral termiko batzuk berriro ireki beharko zituztela, datozen hilabeteetan elektrizitatea lortzeko modurik izateko. Errusiak gas esportazioak apaldu ditu, eta, negura begira, Alemaniak elektrizitatea sortzeko beste erregaietara jo du.

Gaur bertan martxan jarri dute berriro ikatz bidezko zentral termiko bat Saxonia Beherean, herrialdearen erdialdean. «Erreserba» egoeran zegoen. Lehena da, baina seguruenik ez da azkena izango; 27 zentralek dute baimena merkatu elektrikora itzultzeko, gehienez, datorren apirilera arte. Ikatzetik edo petroliotik lortzen den olio minerala darabilte.

Zentralak berriro funtzionatzeko neurria aurkeztu zutenetik, Alemaniak Nordstream 1 gasbidearen giltza erdira murriztu du. Eraman dezakeen gasaren %40 besterik ez zuen garraiatzen orduan. Uztaileko hamar eguneko mantentze lanen ostean —hilaren 11tik 21era—, Errusiak gasbideak eraman dezakeenaren %20 baizik ez du bidaltzen. Errusiako gas konpainia publikoak adierazi du arrazoi teknikoengatik egin duela hori.

Nola edo hala aurreztu nahi dute gasa, negura begira biltegiak beterik izateko. Apurka-apurka, ari dira helburua lortzen. Nordstream 1 ireki berri zutelarik, biltegiak %64,5ean ziren. Hamar egun igaro dira ordutik, eta %68,5ean dira orain, Bundesnetzagentur energia agentzia federalaren arabera. Helburua da hiru herenera iristea irail hasieran, eta %95era azaroan. Erreserba horrek bizpahiru hilabete inguruko kontsumoa bermatzen du negu arrunt batean.

Ikatzik ez 2030erako

Atzerapausoa izango da erregai kutsagarrienak erabiltzea elektrizitatea sortzeko. Alemaniaren asmoa da 2030erako ikatza erretzeari uztea. Oraingoz, badirudi urruti ikusten dutela helmuga. Dena dela, zentralak berriro irekitzeak «ez du eraginik izango» deskarbonizazioaren bidean; «lehentasunezko helburua» izaten jarraituko du, Habeck ministroaren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.