Txina-AEB

AEBekiko elkarlana eten du Txinak klimaren arloan eta alor militarrean

Pekinen arabera, Pelosiren bisitak «azpijana egin» dio «Txinaren subiranotasunari eta lurralde osotasunari». Txinak zigorrak iragarri ditu AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearen eta haren familiaren aurka.

Joseph Wu Taiwango Atzerri ministroa Pelosiri ongi etorria egiten Taiwanera iritsi zenean aste honetan. EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 5a
17:58
Entzun

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik Taiwanera egindako bisitak ondorioak izan ditu Pekinen eta Washingtonen arteko lankidetzan. Txinak AEBekiko elkarlana eten du arlo militarrean, klima larrialdiaren alorrean eta arlo juridikoan. Hala jakinarazi du gaur ohar baten bitartez Wang Yi Txinako Atzerri ministroak. Haren esanetan, erabaki hori hartu dute Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak «Txinaren subiranotasunari eta lurralde batasunari azpijana» egin diolako. Izan ere, Txinak ez du begi onez ikusi Pelosi Taiwanera joan izana. Haien ustez, «Txina bakarraren printzipioa» urratu du AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak —Taiwan Txinako Errepublikaren parte da Pekinentzat—.

Txinako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, hainbat gaietan hasitako bitariko harremanak ere eten egingo ditu Pekinek, besteak beste, legez kanpoko migratzaileak aberriratzeari buruzko elkarrizketak, droga trafikoaren aurkako borrokari buruzkoak, edota zigor arloko laguntza judizialari lotutakoak.

Pekinek leporatu dio Pelosiri uhartera ez joateko ohartarazpenari «entzungor» egitea, eta Txinaren subiranotasunari «mehatxu» egitea, baita herrialdeko barne politikak «oztopatzea», eta itsasarteko bakea zein egonkortasuna «mehatxatzea» ere. Arrazoi horiengatik, Pekinek zigorrak ezarri dizkio AEBetako buruzagi demokratari eta bere familiari, zehaztu ez duen arren horiek zein izango liratekeen. Ez da lehen aldia Txinako Gobernuak AEBetako buruzagi baten aurkako neurriak hartzen dituena; iaz Mike Pompeo Estatu idazkariaren aurkako zigorrak iragarri zituen.

Pekinen jarrera «barregarria»

Japonian izan da gaur AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea eta adierazpenak egin ditu Taiwanen egindako egonaldiaren inguruan. Pelosik nabarmendu du bere bisitak ez diola uharteari kalte egin, eta gehitu du hasieratik esan zuela zein zen Taipeira joatearen arrazoia: «Taiwanekiko harremanen irizpideak zehaztea, eta AEBen eta Txinaren arteko harreman politikoak eztabaidatzea».

Pelosik «barregarri» jo du Pekinek afera honetan erakutsitako jarrera, eta nabarmendu Washingtonek ez duela arazorik nahi Txinarekin. Hain justu, baieztatu du AEBek ez dutela asmorik Taipeiren status quo-a aldatzeko: «Ez dut nahi uhartera egindako bisitak arreta beste leku batera desbideratzea. Taiwanera egindako bisitan helburu bat genuen; Asiako gure aliatu direnekin harremanak sendotzea».

Horrez gain, Txinak Taiwanekiko duen jarrera ere kritikatu du. Taipei «bakartu nahi izatea» egotzi dio Pekini, eta ohartarazi du Txinak ez duela eragotziko bera uhartera joatea. AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Pekin kritikatu ez ezik, Taipei ere laudatu du esanez «munduko herrialderik askeenetariko bat» dela, eta herrialde horrek «bere demokrazia sendotzeko egindako urratsak nabarmentzekoak» direla.

Txinaren maniobra militarrak

Bien bitartean, Txinak inoizko ariketa militarrik handienak abiatu zituen atzo Taiwan inguruko sei eremutan. Reuters berri agentziaren arabera, PLA Askapenerako Herri Armada aire eta itsasoko maniobrak egiten ari da, besteak beste, Matsu uharteetatik gertu. Ariketa militar horiek igande eguerdira arte iraungo dute.

Horren harira, Taiwango Atzerri Ministerioak ohartarazi du Txinak 68 gerra hegazkin, eta beste hamahiru gerraontzi bidali zituela Taiwan ingurura. Ministerioak salatu du Pekinek egindako «mehatxu militarrak» arriskuan jartzen dituela «herrialdeko bakea eta egonkortasuna», eta erasoa gaitzesteko eskatu die nazioarteko buruzagiei.

Su Tseng-chang Taiwango lehen ministroa ere mintzatu da Txinaren maniobraz: «Ez genuen espero ondoko bizilagun gaiztoak bere botere militarraren erakustaldia egingo zuenik; ezta arriskuan jarriko zuenik ere munduko itsasarte garrantzitsuena». Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak ohartarazi du ez dela «kikilduko» Txinak egindako «erasoen» aurrean: «Lasai gaude, eta arrazionalak izango gara; ez oldarkorrak, ezta probokatzaileak ere». Washingtonek, Taiwanen antzera, Txinak abiatutako ariketa militarrak gaitzetsi ditu, eta esan du ez dutela justifikaziorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.