Ertzaintzak gomendatu du ziztada kasuetan 112 larrialdietarako zenbakira deitzeko eta ospitalera joateko

Donostiako Asanblada Feministak elkarretaratzera deitu du 19:00etarako, Bulebarrean, Aste Nagusian izan diren eraso matxistak gaitzesteko.

Ziztadak salatzeko elkarretaratze bat, Gernika-Lumon, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOK
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 18a
11:46
Entzun

Azken egunetan eztabaida sortu da emakumeek ziztadaren bat jaso ostean bete beharreko protokoloaz. Gaur, Ertzaintzak eta udaltzaingoek euren gomendioen berri eman dute. Herritarrei aholkatu diete gorputzean ziztadaren bat edo erresumina sumatu eta ondoeza edukiz gero larrialdietarako 112 zenbakira deitzeko. Horrela, haien hitzetan, Ertzaintza edo herriko udaltzainak jakinaren gainean jarriko dituzte, haiek biktimarekin harremanetan jar daitezen, «gertatutakoa argitzen lagunduko duten datu objektiboak biltzeko eta egilea edo egileak identifikatzeko».

Behin hori eginda, gomendatu dute «ahalik eta azkarren» ospitale batera joatea, mediku azterketa egin diezaioten. Horrela, azaldu dutenez, «organismoan substantziaren bat dagoen ala ez» jakingo dute.

Asteon zeresana eman du Algortako Portu Zaharrean (Getxo, Bizkaia) gertatutakoak. Ertzaintzak salatu du txosna bateko bi arduradunek oztopoak jarri dizkietela ziztatu egin zutela esan zuen emakume bat artatzeko; aldiz, Algortako mugimendu feministak ziurtatu du bertako bi kide aritu zirela adingabeari laguntzen. Ertzaintza bi emakumeok ikertzen ari da, desobedientzia delitu larria egon daitekeela iritzita. Tartean sartu da Ertzaintzaren Esan sindikatua ere: zer edo zer egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, eta zenbait herritako jaietako puntu moreak ere kritikatu ditu, iritzita ez dutela Ertzaintzarekin kolaboratzen.

Donostian, kontzentrazioa

Ziztadak ez ezik, beste hainbat eraso matxista ere izaten ari dira azkenaldian. Donostiako Asanblada Feministak, esaterako, gaitzetsi du jaietan eraso matxistak egon direla. Horregatik, gaur, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean.

Eta Bilbon, Aste Nagusia hastear dela, udalak prebentzio eta sentsibilizazio kanpaina bat aurkeztu du, «Aste Nagusi berdinzale, seguru eta erasorik gabekoaren alde» egiteko asmotan. Hitzeman dute «jarrera irmoa» erakutsiko dutela eraso sexisten aurka: «Indarkeria matxista prebenitzeko politikak indartuko ditugu emakumeentzako jai eremu inklusibo eta seguruak sortzeko baldintzak bermatzeko», esan du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Bakarrik bai da bai leloa aukeratu dute kanpainarako. EH Bilduk nabarmendu du gisa horretako kanpainak beharrezkoak direla, eta eskatu du udalak eta Bilboko Konpartsek adostutako protokoloak errespetatzeko.

Horretaz gain, Bilboko Udalak azaldu duenez, pronto daukate laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzua, eraso matxistaren bat gertatuz gero biktimari eta senideei laguntzeko. Udalak puntu morea ere jarriko du Areatzan, eta jai gunean beste lau puntu more ere ipiniko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.