Espazioa

Bertan behera geratu da Artemis misioaren hasiera, motorretako batean izan den arazo batengatik

Tripulazioarik gabeko espedizioa zen gaurkoa. 2025ean Ilargira emakume bat bidaltzea du helburu misioak.

Artemis I misioaren espazio ontzia, Floridan. JOEL KOWSKY / HANDOUT
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abuztuaren 29a
11:42
Entzun

Artemis misioaren hasiera bertan behera utzi du NASAk gaur arratsaldeko lehen orduan, Floridan (AEB), motorretako batean izan den arazo baten ondorioz. 2025ean emakume batek Ilargia zapaltzea du helburu Artemis misioak, eta gaur 14:30ean abiatzekoa zen, tripulaziorik gabeko proba batekin. Motorretako batean, ordea, jario bat antzeman dute, eta azken orduan bertan behera utzi dute gaurkoa.

Gizakia 1972. urtean izan zen azken aldiz Ilargian, eta orduko hori berriz errepikatzea dute desio munduko potentzia nagusiek azken urteotan. Denborak aurrera egin ahala, gero eta ahalegin gehiago egin dira hori erdiestea posible izateko; indar handia jarri du NASAk. Lehen proba honek 42 egun eta 3 ordu iraun behar zuen, NASAren esanetan. Aireratzekoa zen espaziontziak Orion du izena, eta, lehenbiziko joan-etorri honetan, barrenean hiru maniki izango ditu.

NASAk jakinarazi du aurrerago zehaztuko duela noiz espazioratuko duten Orion. Irailaren 2an edo 5ean izan daiteke, NASAk aurretik, arazoak egonez gero, aurreratu zuen moduan.

Ikusi gehiago: Ilargira bueltan

NASAk emandako informazioaren arabera, 2025erako zehaztu dute misioaren helburu gorena. Lehenbiziko emakumea bidali ez ezik, beste alderdi bati dagokionez ere estreinakoa izan nahi du NASAk. Adierazi dutenez, pertsona arrazializatu bat ere izanen da astronauten artean.

Gaur-gaurkoz, Ilargian izandako pertsona guztiak gizon zuriak izan dira. Zenbait emakumek eta gizon arrazializatuk ere egin dituzte misioak espaziora, baina sekula ez dira atera Lurraren orbitatik.

Artemisa eta Apolo

Artemis I deitura ez da ausaz jarria. Apolo 11 misioa zuen izena 1969ko uztailean Ilargira iristea lortu zuen NASAren espedizioak, eta haren omenez izendatu du gaur abiatutakoa, hain zuzen. Greziar mitologian, anai-arrebak ziren Artemisa eta Apolo, anai-arreba bikiak, Zeus eta Letoren seme-alabak. Mitologiaren arabera, Artemisa jaio zen lehenik, eta erditzen lagundu zion amari, anaia jaio zedin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.