Txile

Txiletarrek atzera bota dute konstituzio berria plebiszituan

Parte hartze historikoa izan da, eta hamarretik seik bozkatu du Biltzar Konstituziogilearen proposamenaren kontra. 2020ko plebiszituaren emaitzaren balioa azpimarratu dute konstituzio berri baten aldekoek. Adostasun gehiago lortuko duen beste prozesu konstituziogile bat adosteko eta azkartzeko lanean hasiko dela iragarri du Boricek.

Konstituzio berriaren aldekoak, burumakur, Santiagoko Italia plazan. ALBERTO VALDéS, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 5a
07:08
Entzun

Txilek ez du konstituzio berri bat izango. Ez behintzat, Biltzar Konstituziogileak idatzi duena. Plebiszitu historiko batean, txiletarrek atzera bota dute herrialdea errotik aldatu zezakeen proposamena. Hamahiru milioi herritarrek bozkatu zuten atzoko plebiszituan, eta hamarretik seik kontra bozkatu dute: %61,86 (7.882.958 boto). Azken egunetan kaleko mobilizazioetan nagusi izan badira ere, bozkalekuetan askoz ere gutxiago izan dira konstituzio berriaren aldekoak, eta ez dira hamarretik lau izatera iritsi: %38,14 (4.860.093 boto).

«Txileko herriak hitz egin du, eta ozen eta argi egin du», esan du Gabriel Boric presidenteak telebista publikoan emaitzak ezagutu ondoren. Txilen bozketa batean inoiz izan den parte hartzerik handiena izan du plebiszituak, eta erabatekoa izan da emaitza: Txile hamasei eskualdetan banatzen da, eta guztietan gailendu dira konstituzio berriaren kontrakoak. Atzerriko botoetan soilik irabazi du konstituzio berriak (%60,92). Santiago hiriburua hartzen duen eskualdean %55,26k bozkatu du kontra, eta %44,74k alde. Valparaiso eskualdean ere, aldekoen garaipena handiagoa izango zela espero bazen ere, %57k bozkatu du kontra. Hegoaldeko eskualdeetan, Nuble, Araucania eta Maulen, %70etik gorakoa izan dira konstituzio berriaren kontrakoak. Santiagoko auzo aberatsenetan kalera atera dira garaipena ospatzera, bandera eskuan eta autoetako irratian ereserkia jarriz.

«Gaur inork ez du irabazi eta inork ez du galdu. Txiletarrek berriro elkartu beharko dugu», adierazi du Claudio Salinas kontrakoen kanpaina buruak. «Lasaitasunera deitzen dugu. Egindako lanaz harro gaude. 1980ko konstituzioak ez gaitu batzen eta ez gaitu ordezkatzen», esan du Karol Cariola aldekoen kanpainako buruak. Boricen arabera, plebiszituko emaitzak adostasun zabalago bat lortuko duen beste proposamen baten alde lanean hastera behartzen ditu erakundeak, eta iragarri du horretara jarriko dela Gobernua, «gizartearekin eta Kongresuarekin», beste prozesu konstituziogile bat adosteko eta azkartzeko, «konfidantza emango duena».

Porrota handia da prozesu konstituziogilean herrialdearen egoera aldatzea espero zutenentzat. Inkestek iragartzen zuten ezezkoaren garaipena, eta bozkalekuetan izan den aldeak erakusten du manipulatuta zeudelako susmoak ez zirela egiazkoak, eta iragarri baino handiagoa izan da aldea. Hiru milioi botok argi erakusten dute herritarrek bizkarra eman diotela estatu parekidea, plurinazionala, soziala eta ekologikoa ezartzeko sortu zen konstituzioari. Ia 400 artikulu zituen, eta besteak beste, abortatzeko eskubidea jasotzen zuen, Senatua kendu eta lurraldeak ordezkatuko zituen beste ganbera bat ezartzen zuen, eta jatorrizko herriak eta euren eskubideak aitortzen zituen. «Txilek prozesu demokratiko batean hitz egin du. Inoiz ez da erraza izan aldaketa handiak egitea, eta gutxiago jatorrizko herrientzat. 500 urte erresistitu ditugu eta horrela jarraituko dugu», adierazi du Twitterren Rosa Catrileo konstituziogile maputxeak.

Ikusteko dago orain ezezko horrek dakartzan ondorioak. Baita gobernuarentzat ere, nahiz eta udaberrian aukeratu zuten; herritarrek atzera bota duten konstituzioaren alde agertu da argi eta garbi. Teresa Marinovic eskuineko konstituziogileak esan du «Boricen proiektu politikoaren, gobernuaren eta kudeaketaren porrota» direla emaitzak. Presidenteak gobernuan aldaketa batzuk egingo dituela iragarri du «datozen eginbeharrei aurre egiteko». «Demokraziak ozen hitz egin du, eta argi utzi du testu horrek ez duela adostasunik izan. Hor lan egin dugunok gara autokritika gehien egin behar dugunak. Espero dut prozesuak jarraitzea, eta gehiengoaren nahiak eta beharrak aintzat hartzea», argitaratu du Twitterren baita Tammy Pustilnick konstituziogileak.

Galdeketaren kanpainan eskuinak argudiatu du konstituzio hori atzera bota behar zela, beste prozesu bat abiatzeko. Orain ikusiko da horretarako asmoa duten, eta 1980ko konstituzioarekin jarraitu nahi duten. 2019ko urriko matxinada baretzeko abiatu zuen Sebastian Piñerak prozesu konstituziogilea, eta atzokoa hirugarren bozketa izan zen. Lehenik, 2020an, konstituzioa aldatu nahi zuten eta, hala izatekotan, konstituziogileak nola aukeratu nahi zituzten galdetu zieten txiletarrei; ia %51eko parte hartzearekin, %78ak bozkatu zuen konstituzio berri baten alde, eta %79k zuzenean aukeratutako konstituziogile batzuek idaztea nahi zuela.

2021ean Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeak egin ziren, eta independenteek eta ezkerrak irabazi zuten horietan. Eskuina ez zen iritsi ordezkarien heren bat izatera ere, eta modu horretan Biltzar Konstituziogilean artikuluak atzera botatzeko gaitasuna galdu zuen (artikuluak onartzeko ordezkarien bi heren behar ziren). Txiletarrek orain atzera bota dute konstituziogile horiek idatzitako konstituzioa, baina ikusteko dago politikariek nola kudeatzen duten emaitza, atzoko galderak ez baitu baliogabetzen lehen plebiszitua.

'Onartzen duzu Biltzar Konstituziogileak proposatu duen Konstituzio Berriaren testua?', zioen galderak, eta argi dago testu hori dela atzera bota dutena. Txiletarrek oraingoz Pinochetek 1980an idatzi zuen konstituzioarekin jarraituko dute, baina 2020ko plebiszituaren emaitza hor dago. 2019an aldaketaren alde atera ziren kalera txiletarrek eta urtebete geroago bozkalekuetan berretsi zuten aldaketa hori nahi dutela. Bi urte atzera egin du prozesuak, ez 42. «1980ko konstituzioa hilda dago eta hori aldatzea herriaren mandatua da. Prozesu konstituziogileak aurrera jarraitzen du, Txileko herrientzat etorkizun bat eratzeko», adierazi du Twitterren Manuela Royo konstituziogileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.