Heriotza duina

«Hiltzeko laguntza aktiboa» baimentzeko atea ireki du lehen aldiz Frantziako Etika Komiteak

Biziaren Bukaerarako Legeari aldaketak egiteko bidea ireki die legegileei. Baldintza «oso zorrotzak» behar direla erran du, eta «eztabaida nazional» bat egitea galdetu du. 

Eutanasiaren aldeko ekintzaile batzuk, Parisen, artxiboko irudian. IAN LANGSDON / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko irailaren 13a
12:25
Entzun

Frantziako Etika Komiteak 139. iritzia agertu zuen atzo. Biziaren bukaerari buruzko iritzia eman du, berriz, eta lehen aldiz aldatu du orain arte izandako jarrera. Izan ere, ondorioztatu du posible ikusten duela «hiltzeko laguntza aktiboa», eta, beraz, bidea ireki du legeari aldaketak egiteko. Halere, egin dituen gomendioetan, «baldintza oso zorrotzak» jartzeko premia azpimarratu du, eta herritarren arteko eztabaida bat behar dela erran. Iritzia atera bezain laster, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hitzeman du kontsulta bat abiatuko duela, 2023ko urrirako lege aldaketa posible bat egiteko epemuga jarriz. Orain arte, biziaren bukaerarako Claeys-Leonetti legeak eutanasiarako eta suizidio lagundurako bidea hesten du.

«Legegileak gai horretaz jabetuko balira, Frantziako Etika Komiteak uste du badela bide bat hiltzeko laguntza aktiboa era etikoan aplikatzeko, baldintza zorrotz batzuekin. Ezinbestekoa ikusten du arta aringarrien aldeko osasun neurriak indartzea eta hartuko liratekeen lege neurrietan erreferente etiko garrantzitsuak aintzat hartzea», erran dute iritzian. Baldintza horien artean da «gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten helduentzat izatea suizidiorako laguntza legalki eskuratzeko aukera», eta «epe ertainera bizi pronostikoa arriskuan jartzen duten sufrimendu fisiko edo psikiko arinezinak» izatea. Eriak, hala, «autonomoki, libreki eta errepikatuz» erabakitzen ahalko luke hiltzeko laguntza aktiboa ukatea. Erabakia hartuz gero, gutun argudiatu bat idatzi beharko luke eriak.

Halere, Frantziako Etika Komiteak ñabardurak egin ditu. Erran du «herritarren arteko desorekak» sor daitezkeela eria autonomoki gutuna idazteko gai ez bada. Batzordeak ez du guztiz zehaztu halakoetan nola egin, baina aholkatu du kasu bereziak epaile baten laguntzarekin trenkatzea. Kasu guztietan, batzordearen iritziz, eriak medikuari eman beharko lioke gutuna, eta, ondotik, osasun profesional anitzez osatutako batzorde baten aurrean pasatu beharko litzateke erabakia martxan jarri aitzin.

Hego Euskal Herrian, legezkoa

Ipar Euskal Herrian orain arte debekatua izanda ere, bestelakoa da Hego Euskal Herriko egoera. Iaz, Espainiako Kongresuak behin betiko onarpena eman zion Eutanasiaren Legearen testuari. Eutanasia eskatzen ahal dute «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie. Helburua da eutanasia eskatu eta gauzatu arteko prozesua 40 bat egunen buruan bideratzea, eragozpenik ez bada.

Iragan urteko ekainean sartu zen legea indarrean, eta, haren lehen urtemugaren harira, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun departamentuek jakinarazi dute 30 eutanasia egin direla denera hamabi hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.