Energia

Puntako orduetan argindar gastua %5 txikitzeko neurriak eskatu dizkie Bruselak gobernuei

Elektrizitate eta hidrokarburo konpainien aparteko irabaziak zergapetzea proposatu du Europako Batzordeak, eta kalkulatu du horien bitartez 140.000 milioi euro bil ditzaketela.

Kadri Simson eta Franz Timmermans komisarioak, gaur, Estrasburgon. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 14a
18:50
Entzun

Kolore urdin-horiz tindaturiko neurriakproposatu ditu Europako Batzordeak argindarraren prezioa arintzeko. Ukrainako banderaren koloreak dira horiek, eta kolore horietako jantziekin azaldu dira gaur Europako Parlamentura Ursula von der Leyen Batzordeko presidentea eta emakumezko komisarioak, orain arte arbuiatzen zutena derrigorrezkoa dela adierazteko: gerrak behartuta, argindarraren merkatuan esku hartzeko ordua dela uste du Bruselak.

Gasa erabiltzen ez duten argindar enpresen eta petrolio konpainien gehiegizko irabaziak zergapetzeko eskatu du Batzordeak, eta derrigorrezkoa egin nahi du puntako orduetan argindar kontsumoa %5 txikitzea.

Ohiko janzkerarekin azaldu zen hedabideen aurrera Franz Timmermmans Batzordeko lehendakariordea, baina horrela jantzita ere argi utzi nahi izan du zertara datorren Bruselaren ziaboga. «Putinen gerra» izan da erantzulea, ordura arte ongi funtzionatzen zuen argindar merkatua «sabotatu» duelako. Horren aurrean esku hartu behar dela defendatu zuen, «milioika europar ezin direlako neguan hotzez egon».

«Premiazko neurriak» aurkeztu ditu orain Bruselak, eta asmoa da hilaren 30erako gobernuek oniritzia ematea. Luzeago joko dute, berriz, gasari gehienezko prezio bat jartzeko aukerak —Alemania eta beste herrialde batzuk aurka daude, Errusiak gas esportazio guzti-guztiak etengo dituela uste dutelako—, eta, batez ere, argindarraren prezioa finkatzeko sistema berriak. Sistema hori iritsiko dela agindu du Timmermansek, «erregai fosil merkeen garaia amaitu» delako, eta hurrengo negua ere «gogorra» izango delako.

Hori egin bitartean, hauek dira Batzordeak proposatu dituen neurriak:

Kontsumoa jaistea. Udan, EBko estatu kideek hitzartu zuten modu boluntarioan gas kontsumoa %15 txikituko zutela. Orain, ordea, Bruselak behartu nahi ditu martxorako %10 gutxitzera argindar kontsumoa. Aurrezkiak %5ekoa izan beharko du puntako orduetan, horietan erabiltzen delako gehien gasa argindarra sortzeko eta, ondorioz, horiek direlako ordurik garestienak.

Timmermans eta Kadri Simson Energia komisarioak azaldu dutenez, estatu kide bakoitzari dagokio erabakitzea zeintzuk diren puntako orduak, eta zer neurri hartuko dituen.

Euskal Herrian bada aldea Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Espainiako REEren arabera 10:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 22:00etara izaten da kontsumorik handiena; lehenengoan, ordea, prezioak ez dira hainbeste igotzen, fotovoltaikoak orduan egiten baitu ekarpenik handiena —%20 ingurukoa azken egunotan—. Iluntzean eta gauaren hasieran, ordea, ekarpen txikia egiten du eguzki energiak, eta orduan erretzen da gas gehien.

Frantziako RTEk ere 10:00etatik 14:00etara neurtzen du kontsumorik handiena, baina han afari garaiko igoerak 19:00an jotzen du goia, eta 20:00ak aldera amaitzen da.

Argindar konpainien gaineko zerga. «Garai hauetan ez da zuzena [energia enpresek] aparteko irabazi errekorrak jasotzea gerratik, kontsumitzaileen bizkar». Von der Leyenen esaldia gauzatzeko, Bruselak proposatu du berriztagarriak, nuklearra eta lignitoa baliatzen dituzten argindar konpainiek estatuei ematea megawatt-orduko 180 eurotik gorako prezioan jasotako irabazi guztiak. Kopuru handia da, argindar megawatt-ordu batek iaz arte izandakoa halako lau, baina horrekin energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko adina diru lortuko luketela argudiatu du Batzordeak.

2023ko martxoaren 31 arte izango litzateke neurria indarrean, eta gobernuei eskatu die elkartasunez jokatzeko, argindar asko inportatzen duten herrialdeek ere dirua jaso dezaten. EBk espero du 113.000 milioi lor ditzakeela horrela. Diru hori baliatu beharko da herritarren eta enpresen argindar fakturak arintzeko eta zaurgarrienak laguntzeko.

Hidrokarburo konpainien gaineko zerga. Bruselak uste du 25.000 milioi euro bil daitezkeela baldin eta estatu kide guztietan tasa berezi bat ezarriko baliete erregai fosilak ustiatzen dituzten enpresei. Batzordeak proposatu duenez, 2022ko irabaziak zergapetuko lituzkete, betiere 2019-2021eko batez besteko irabazien gainetik %20 geratuko balira. %20tik gorako horrek «gutxienez» %33ko tasa bat pagatuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.