Erreakzio soka eragin du atzo plazaratu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroak. Batzuek testuaren hutsuneak nabarmendu dituzte bereziki; beste batzuek, berriz, elkarrizketarako deia egin dute. Azken horietako bat izan da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Radio Euskadin adierazi duenez, atzo argitaratutakoa zirriborro bat baino ez da, parlamentuko tramitean alda daitekeena. Apirileko hezkuntza akordioa ipini du jarraitu beharreko eredutzat. Koalizioari «akordio ona» iruditzen zaiola esan du, «eredu propio baterako trantsiziorako oinarriak ezartzen dituelako, euskal hezkuntza eredu nazional baterako». Orain, «eztabaida lasai baterako» garaia dela azaldu du, eta legebiltzarreko akordioari «fidel» izango zaizkiola nabarmendu.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ETB1en egin dioten elkarrizketan aletu ditu zirriborroaren nondik norakoak. Bi gairik korapilatsuenei heldu die: euskarak izango duen presentziari eta segregazioari. Hizkuntzei dagokienez, azaldu du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko dela, tokian tokiko egoerara egokituta: «Desberdina da Tolosan egon daitekeen egoera edo Bilboko auzo jakin batekoa. Ikastetxeak egoera soziolinguistiko horri erantzun behar dio, eta horrek esan nahi du hartu behar dituzten neurriak desberdinak direla». Neurri desberdinak, baina helburu bera: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerako euskaraz eta gazteleraz B2 maila lortzea.
Erreparatu dio segregazioari ere. Hitzeman du datorren ikasturtetik aurrera, izan ikastetxe publiko izan itunpeko, «zaurgarritasunari» erantzun beharko diotela diru publikoa jasotzen duten zentro guztiek: «Zentro guztiek proportzio bertsuan landuko dituzte zaurgarritasun horiek». Gaur egun, segregazioaren arrazoietako bat itunpeko ikastetxeetako kuotak dira. Aurrerantzean ez dela halakorik egongo agindu du sailburuak, baina iragarri du doakotasuna lortzea «prozesu bat» izango dela, administrazioarentzat ere inbertsio handiagoa izango delako: «Ondo planifikatu behar da, diru asko delako». Ikastetxeek kuotarik ez dutela kobratzen bermatzeko, «kontrola areagotu eta aldatu» egingo dela nabarmendu du.
Hezkuntza eragileak, kritikoago
Eragile politikoek ez ezik, hezkuntza arloan aritzen diren beste zenbaitek ere hitz egin dute; adibidez, LAB sindikatuak. Aurreratu du zuzenketak aurkeztuko dizkiotela zirriborroari, hainbat kontu «asmo hutsean, irekian edo zehaztasunhandirik gabe» geratzen direla iritzita. Kasurako, euskarak izango duen lekua: «Ez du asmorik agertzen euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikaseredu bakarra ezartzeko hizkuntza ereduak desagertzeko». Nazio ikuspegia: «Ontzat ematen du euskal hezkuntza sistema propioa egituratzea oztopatzen duen esparru juridiko politikoa, eta ez du planteamendurik Euskal Herrirako hezkuntza sistema burujabean urratsak egiteko». Eta segregaziori aurre egiteko neurriak: «Jatorri edo maila sozioekonomikoagatiko segregazioari aurre egiteko neurri batzuk jaso arren, ez du zehazten orain arte halakoak —kuotak kobratzeko debekua, erroldetako iruzurrak…— saihesteko erabili diren trikimailuei aurre egiteko tresnarik».
Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko aferan ere sartu da sindikatua: «Euskal Hezkuntza Zerbitzuari Publiko abizena jarri diote, egungo sistema duala betikotu eta mantentzeko asmoz, eta titulartasun publikoko eskolak eta titulartasun pribatuko ikastetxeak publikotzat tratatuz». Bestelako proposamena egin du: «LABek uste du hezkuntza legeak sare publiko bakarrerako trantsizio tresna izan beharko lukeela, era deszentralizatuan antolatutako sarea, eta parte hartzean eta autonomian oinarrituriko askotariko eskolek osatua».
Bereziki laikotasunaren arloan ikusi dute hutsunea Hezkuntza Laikoa, Laikotasuna eta Euskadi Laikoa elkarteek. Laikotasunerako «inolako pausorik» ez ematea egotzi diote: «Ez du alderdi horretan aurrerapausorik ematen; egungo egoera sendotu eta legitimatzen du».